Hainbat zugatz-espezietako 11.394 ale landatu ditue Balmasedan
2024-11-19 13:54 Pil-pilean2022ko suteak 498 hektarea kaltetu zituan.
Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao BBK Livek eta Basoa Fundazinoak Basoa Bizi proiektuaren emoitzak aurkeztu ditue. Proiektua, lankidetza publiko-pribatuko ekimen aitzindaria da eta 2022ko urrian Balmasedan izandako baso-suteak kaltetutako eremuen ingurumena berreskuratzea dau helburu. Azken hiru hamarkadetan Bizkaian izandako suterik larriena da.
Proiektu horrek ingurumenaren aurreko sensibilizazinoko eta hezkuntzako hainbat jarduera jasoten ditu. Horreen artean, ondoko honeek nabarmentzen dira: jasangarritasunari eta ingurumen kudeaketeari buruzko dibulgazino eta sensibilizazino jardunaldiak, hainbat publikori egokituak; landaketa-saioak, ikasleakaz eta herritarrakaz, suteak kaltetutako eremuetan; ingurumen-konzienziazinoa sustatzeko koaderno didaktikoa sortzea, batez be, gazteen artean; eta bisitaldi gidatuak, ekimenaren irismena eta helburuak ulertzea ahalbidetu daben informazino-panelekaz.
Hainbat zugatz-espezietako 11.394 ale
Ingurumena lehengoratzeari jagokonez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Baso Zerbitzuaren bitartez, 16,17 hektareako azalerea (20 futbol-eremuren baliokidea) birpopuletako lanak gidatu eta hainbat zugatz-espezietako 11.394 ale landatzea lortu dau; horreen artean, gaztainondoa (1.833 landare) eta haretx kanduduna (2.350 landare) nabarmentzen dira. Ganera, proiektuaren jarduketa-azalera txiki bat, 1,1 hektareakoa, koniferoakaz birpopulau da (1.444 ale). Era berean, espezie laguntzaileak be landatu dira, esaterako, urkiak, gereziondoak, sagarrondoak, lizarrak, elorri barrak, serbalak, astigarrak eta arteak (5.767 ale, guztira).
Ganera, landaketek 2025eko udabarria hasi arte jarraituko dabe eta suteak kaltetu ebana basobarritu beharreko azalera osoa amaituko da.
Proiektuaren barruan, egindako jarduera guztiek sortutako karbono-aztarna kalkulau da; guztira, 9,88 tona CO₂ baliokide lortu dira. Karbonoa kudeatzeko protokoloan ezarritako isurketen hiru irismenen arabera egin da kalkulua eta zuzeneko isuriak hartzen ditu, jarduerak garatzeko beharrezkoa dan konsumo elektrikoagaz lotutako zeharkako emisinoak eta proiektuari lotutako jarduerakaz lotutako zeharkako beste emisino batzuk.
Emisinoak neutralizetako helburuagaz, basobarritutako eremuetan karbonoa xurgatzeko ahalmena monitorizau eta Udalaren eta sustatzailearen artean hitzarmena ahalbidetuko da Basoko Sistema sistemearen bidez karbono-kredituak konpensetako. Sistemea laster ezarriko da Euskadin eta horri esker, klima-aldaketearen ondorioak arindu daitekez eta, aldi berean, Bilbao BBK Live jaialdiaren eta Udalaren eta Basoa Fundazinoaren jardueren neutraltasun klimatikora egiten da aurrera.
498 hektarea kaltetu dira azken 30 urteotako baso-suterik larrienean
2022ko baso-suteak 498 hektarea kaltetu zituan, horreetatik 348 Balmasedako udalerrian. Hondamendi horren ondorioz, 300 persona baino gehiago mobilizau ziran hainbat erakunde eta zerbitzutatik, besteak beste, Ingurune Naturala Sustatzeko Sailetik, Baso Zerbitzutik, Basalanetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzutik eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietatik. Horreek guztiek lan handia egin eben sua amatetako eta sutearen inpaktuak gitxitzeko.
Gaur egun, Balmasedako Onura Publikoko Mendiko 159 hektarea birpopulau dira, administrazino publikoek eta gizarte zibilak alkarregaz egindako ahaleginei esker eta aurreikusita dago landaketek 2024ko eta 2025eko neguan eta udabarrian jarraituko dabela.
Proiektua, lankidetza publiko-pribatuaren eta klima-aldaketearen ondorioei aurre egiteko sektore askoren inplikazinoaren adibide nabarmena da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!