Udane Juaristi (Udatxo): 'eskulanean oinarritutako artelana da kartela'
2024-11-25 07:58 BarriketanUdane Juaristi (Udatxo).
Udatxo eta Balu artistek egindako kartelak iragarriko dau abenduaren 5etik 8ra izango dan 59. Durangoko Azokea.
Aurtongo kartela barritzailea da, izan be, egile biren arteko alkarlanetik jaio da, Udatxo eta Balu artisten sormenetik hain zuzen be. Horrezaz gan, sorkuntza prozesu bereziaren emoitzea da: geruza ugariko artelana sortu eta pieza hori kartelean integrau dabe. Bestelako elementuen artean, eskuak agiri dira irudian. Muralista eta margolaria da Udatxo.
Balu artista multidisziplinarra eta deskontestualizazinoaren eta transmutazinoaren teknikak jorratzen ditu. Collage erako lanean, euskal kulturearen erreferentzia diran irudien eta azokako aurreko edizinoetako kartelen zatiak jarri ditue, atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan barri bat emoteko. Halanda ze, Durangoko Azokea trasmisino horren erakusle be bada. Geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, kartela forma berezia hartzen egoala jaubetu ziran sortzaileak.
Beste alde batetik, abenduaren 6an, kartelak sinatzen egongo dira Udatxo eta Balu Durangon (Durango +), 11:00etatik 14:00etara.
1.- Zorionak Udatxo, Balugaz batera egindako kartela izan dalako hautatua Durangoko Azokea iragarteko. Persona biren parte hartzeak eragin dau gorabeherarik, egoen arteko burrukarik?
Eskerrik asko [Barreka]. Prozesua barritzailea edo izan da, biok ibili garelako sormen prozesuan. Betiko koplak kenduta ez dogu arazorik eta ego konturik izan. Ezagunak gara, alkarregaz lan egin izan dogu. Gustoak, estetikea, lan egiteko moduak eta antzekoak doguz eta plazerra izan da Durangoko Azokarako kartela egitea.
Kolektiboan baino gehiago ohituta gagoz lanak bakarka egiten eta beste persona bat tartean sartzen danean, gogoan hartu behar da bakotxak bere erispideak, lan egiteko moduak eta dituala, baina kasu honetan oso ondo konpondu gara.
2.- Atontzaileen agindurik zan dozue? Koloretsua, berba honeek sartu, data zehatza...
Ez. Nahikoa librea izan da. Jakina, Durangoko Azokea, edizinoa eta holakoak derrigor sartu behar dira baina koloretsua ala ez geura erabagia izan da. Gogoan hartu Sorland enpreseagaz be ibili garela, diseinu kontuetan eta adituak diralako, gidari kanetan ibili jakuz eta eskerrak emotea da gure jarrerea.
3.- Balu ezagutzen zenduan? Artista multidiziplinarra ei da eta zu muralista eta margolaria?
Bai. Alkarregaz egin izan doguz lanak. Bai, ezagutzen ginan, sare sozialetan eta ibili izan gara baina aurrez aurre orain urtebete edo izan ginan eta Durangoko kartela egin baino lehen beste lan batzuk be egin izan doguz.
Balu: Canal Gallery, arte galeria daukat Bartzelonan eta oraintxe martxan dago Desposesion erakusketea, Aneoa, Bertmann, Paul Lataburu, Jazz Dope eta Udatxo bera be tartean badago. Gustora gabiz.
4.- Collage erako lana egin dozue baina zelako zatiak aukeratu dozuez eta zergaitik?
Aurreko urteetako artistei keinu eginez, Durangoko Azokako kartelak eta aztertzen hasi ginan eta hor joan zan sortzen collage berezia.
Balu: aurreko edizinoetako kartelak aztertzeari ekin geuntsan, musika taldeen portadak be erabili doguz eta hau sartu, beste kendu olgetan oso pozik ibili gara.
5.- Hartzea ematea da goiburuari erreparau deutsazue?
Goiburuaren barri emon euskuen eta ona izan da guretzako, sortzaileen arteko lana, kulturea hartzea eta emotea dalako, guk biok eskuak erabilten doguz obrak sortzeko eta, esangura horretan, abiapuntu eder horri ekinez, eskulana etorri jakun burura eta segiduan eskuak irudikatzea pentsau genduan.
Gure kartela eskulanean oinarritutako artelana da eta digitalean barik eskuz egindakoa gura izan dogu.
Balu: goiburuan erabilitako kaligrafia be neuk egin dot eta pozik geratu dira atontzaileak.
6.- Eskuak agiri dira irudian. Zer adierazo gura izan dozue?
Zeozelan hartu-emonak adierazoten dira eskuakaz eta berba batzuk tarteko dirala, collageko zatiakaz buztarketa lana egin eta konturatu barik agertu jaku kartela.
Balu: eskuen irudikapena ederra begitandu jakun, bihotza, zanak, bideak eta esaera zaharra be hor dago zan-bide, onbide.
7.- Bihotzaren formea irudikatu zenduen collagean. Apropos egindakoa izan zan ala berez etorri zan?
Kasik berez agertu jakun bihotzarena eta aurrera egin genduan.
Balu: bihotzetik jarorkunagaz egiten dogu lan. Kasualidadez, konturatu ginan kartelaren formea bihotz batena zala, bihotzak be parte-hartu nahi ebala.
8.- Merchandising arloan boltsa ederra be sortu dozue…
Politto geratu da boltsea baina ez dogu geuk egin, Sorlandek egin dau eta leku danatan, webgune, sare sozialetan, Landakoguneko kartel, panel eta enparauak eurek egin ditue.
9.- Musika, jantza, antzerkia eta bestelako arloetan egin izan dozu ilustrazino edo marrazkirik?
Arrazoia. Danetarik egin dot, musikan, Esne Beltza taldeagaz parte hartu izan dot eszenatokiak atontzen eta pintetan; diskoetako azalak diseinetan be banabil eta Olatz Zugastirena da egin dodan azkena.
Muralgintzan nabil gehienbat eta koadroak egiten be bai. Koadroak saldu saltzen dira eta horri esker nabil nabilen lekuan, sortzen. Baluren Canal Gallelery horretan be lanak aurkezten ditut eta Donostiako Hartu Parte galerian be erakusten dodaz nire lanak.
10.- Bihar-etzirako zer?
Saltsa askotan nabil. 2025eko martian Madrileko Jazz Mad ezagunean parte hartuko dot eta horretarako lanak atontzen nabil.
Azkoitiko lokal baterako muratxua egiteko aukerea be hor dago...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!