'Amaineman', Süneren bakarkako lehenengo diskoa plazan
2024-11-15 08:08 MusikeaTrikitixea, musika elektronikoa eta rocka buztartuz egindako lana.
Joan dan zezeilean Huntzaren fase bikainari agur esan ondoren, Sünek bakarkako lehen diskoa aurkeztu dau; 11 kantu batu ditu diskora eta horreetatik hiru aurrerapen kaleratu dira daborduko: Sunday, Lau Korapilo eta Txitxarro.
Amaineman, amain emon, gaztelaniaz, dejarse llevar, fluir edo dar rienda suelta, euskeraz ezezaguna dan berba hau lehen planora ekarri nahi izan dau Sünek.
Hasierek emoten daben askatasunagaz zein bildurragaz sortu ditu abestiak, besteak beste, amaierez eta etapa aldaketei buruz kantetako. Tradizinoa, emakumeen ahaldundutzea zein egunerokotasuneko gaiak.
Sünek bere lehen lan luzean amain emon dau eta bere mundu biak batu ditu: trikitixea eta elektronikea: Lau Korapilo edo Txitxarro lako abestietan entzun dogunez, abestiek beti dabe trikitixearen eta landa giroaren presentzia argia, tradizinoari erreferentzia eginez, baina aldi berean freskotasuna eta mobimentua eragiten daben doinu elektronikoakaz buztartuz. Prozesu hau Amaineman osoan zehar dogu geugaz mobimentuz betetako diskoan.
Horrezaz gan, artista handiak izan ditu alboan Sünek: Huntza, Veintiuno, Antia Muíño, Greta Ch’aska, Moonshine Wagon eta Rikki.
Bestalde, Amaineman diskoak beste sorpresa bat be ekarriko dau Süneren Huntza talde ohiagaz, omenaldi legez. Entzun: Kantauri Feat. Huntza.
Disko hau 2022-2024 bitartean sortu da Madrilen eta Euskal Herrian; Jimbo Páezek produzidu dau eta Haritz Harreguy Studio eta Estudio A Sonidon grabau da. Nahasketak, barriz, Haritz Harreguy Studion egin dira eta masterizazinoa Ultramarinosen Victor Garcíaren eskutik.
Albumaren aurkezpena egiteko, prentsaurreko berezia egin eban atzo Donostiako Aquariumean: zuzeneko musikea, egongo da, opariak izango ditugu, eta askoz gehiago.
Kontzertuak
Oraingoz zuzeneko kontzerturik ez dau emongo Sünek. Amaineman diskoa mimo eta ilusino handiz landu dau eta Durangoko Azokan egunero izango da jenteagaz hartu-emonetan.
Kontzertuak emoten 2025ean hasiko da eta artisteak autortu dauenez, hitzordu batzuk berbatauta ditu daborduko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!