Plateruena Musika Aterpea barriz edegiko dabe

Bizkaie! 2024-11-14 10:00   Pil-pilean

Urtean 100 jarduera baino gehiago eskainiko ditu.

Durangoko Udalak kafe antzokia barritu eta Plateruena Musika Aterpea bihurtzeko proiektua aurkeztu dau, herritarrei Euskadi osorako erreferentziako gune kultural eta musikala izateko helburuagaz. Plateruena Musika Aterpea 2025eko bigarren seihilekoan barriro edegitea da helburua. Holan nabarmendu dabe Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Paule Sanchez Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako zuzendariak. Ekimen horrek Durangon eta Bizkaian tokiko ekonomia bultzatzeko eta musikearen profesionalizazinoa sustatzeko dauen garrantzia azpimarratuz.

Miloe bat euro inguruko inbersinoagaz, Udalak eraldaketearen alde egin dau, Plateruena musika sorkuntzea, prestakuntzea eta erakustaldi zentro bihurtuz. Instalazinoak eguneratzeaz gan, udalak gauza ugari egokituko ditu, esaterako: sarbidea, erabilerea eta espazio bereziak.

Durangoko Udala herriko eragile sozial eta kulturalekaz dabil alkarlanean, Plateruena Kultur Mahaiaren esparruan. Holan, ideak eta proposamenak aurkezteko aukerea zemendiaren 29ra arte izango da.

Mireia Elkoroiribek aitatu dauen bezela, Plateruena kultur gunea baino askoz gehiago izango da; topagunea hain zuzen be, persona guztiek disfrutetako. Ganera, euskal kultura eta tokiko talentua sustatuko da.

Paule Sanchezek, barriz, honako hau nabarmendu dau: Plateruena Durangoren ugartea izatea nahi dogu, halanda ze, herritarrekaz batera pentsautako eta sortutako espazioa izango da; ideen faktoria, Durango, Bizkaia eta Euskadi tokiko kultur sorkuntzearen eta kalidadearen abangoardian jarriko dituana.

Plateruena Musika Aterpearen helburua da Durangoko eta inguruko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan oinarritutako helburu estrategikoak lortzea. Beraz, Udal Gobernuak alkarlanean ibiliko da Bizkaiako Foru Aldundiagaz.

Proiektuak

Prestakuntza eta kultur eskaintza aitzindaria izango dau, horren artean:

  • Ezagutza-Eskola programea: 36 orduko hiru hilean behingo ikastaroak, 8 orduko hileko ikastaroak eta 3 orduko profesionalei zuzendutako masterclassak. Ondoko aukera honeek izango dira: Musika-konponketak eta soinuen bilaketea, zuzeneko estudioetarako edo kontzertuetarako soinu-teknika aurreratuak, jabetza intelektualeko prestakuntzea eta musikari eta artistentzako komunikazinoa.
  • Sorkuntza eta produkzino artistikoa sustatuko ditu, tokiko eta nazinoarteko artistentzako egoitzak eskainiz, entsegu-areto, lehiaketea eta sormen-laborategiekaz batera.
  • Kontzertu eta ekitaldiak.
  • Jaialdiak.
  • Ikerketa eta garapen artistikorako bekea bi urtean behin.
  • House, techno eta drum 'n' bass lako genero elektronikoei buruzko klub-saioak.

Programazinoari jagokonez, ziurtatuko da taldeen % 50ek gitxienez euskeraz abestuko dabela, artisten % 33k 35 urtetik beherakoak izango dirala eta emakumeen ordezkaritzea be gitxienez % 33ra iritsiko dala.

Esku-hartze nagusiak eta hobekuntza teknikoa

Plateruenaren erabarritzeak hainbat esku-hartze tekniko aurreikusten ditu. Halanda ze, hasierako aurrekontua miloe bat euro ingurukoa da. Besteak beste, ondoko instalazinoak hobetzea aurreikusi dabe: agertokia, ehungailuen bidezko sektorizazinoa, tabernako barra, lehen solairua, sotoa, fatxadea, sabaiak, margotea, sarrerea eta ekipamendua.

Kontuak kontu, Durangoko Udalak proiektu kultural sendo, inklusibo eta jasangarria sortzeko konpromisoa berresten dau, eskualdean erreferente izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu