Tor magoak jasoko dau 2024ko Argia Ereiten Euskera saria

Bizkaie! 2024-11-14 07:55   Euskerea berbagai

Zemendiaren 19an, 18:30ean, Muxikebarriko Arrigunaga aretoan.

Magiaren ikuskizunetan euskerearen erabilerea sustatzeagaitik eta, aldi berean, herriko euskerearen aldeko jardueratan parte hartze aktiboa izateagaitik jasoko dau aurten Argia Ereiten, 2024ko Getxoko Euskara Saria, Tor magoak (Aitor Bilbao Beramendi), izan be, kulturan euskerearen erabilerea sustatzeko arlo barri bat, magiarena, zabaldu dau. Horrek umeak, gazteak eta helduak liluratzen dituan zeozer berezia da eta euskeraz izateak balio itzela dauka.

Tor mago getxotarrak pozik, hunkituta eta urduri jasoko dau euskerearen gizarte erabilerea babestea, sustatzea edo zabaltzeko zereginetan egindakoa autortzen dauen Argia Ereiten Euskera saria: ezusteko erraldoia hartu dot, saria aspaldikoa baita, izatez behin baino gehiagotan egon naz saria emoteko ekitaldian eta orain notiziak jokoz kanpo atrapau nau. Nire ikuskizun gehienak euskeraz egiten ditut. Beti ikusi dot magia aukera parebakoa dala euskerea eskola mundutik atarateko, umeek ikusteko posible dala euskeraz gozetea eskolaz kanpoko jardueratan, azaldu dau getxotarrak.

42 urteko bizilagunak bizitza guztia daroa magia egiten eta bere % 90/95etik gorako ikuskizunak euskeraz izaten dira, hain ohikoa ez dan arloan euskerearen erabilerea sustatzeko lan handia egiten, bere bizitzan zehar 2.000 aktuazino baino gehiago, ETBrako 300 saio inguru; enpresa, eskola edo herriko jaietan, magia jardunaldiak, magia poteoak eta bestelakoak. Egun ikuskizun gehiago asmetan be badabil, erabarritze prozesuan buru-belarri, beste leku batzuetan egiten dabena ikasten, ondoren berak ikuskizun freskoak eta eguneratuak eskaini ahal izateko. Momentu honetan Gabonetarako eta datorren urterako saioak atontzen dabil getxotarra.

Tor lau urtegaz konturatu zan magia maite ebala, aititak hainbat magia erakustaldi egin ondoren. Handik aurrera beti ekin deutso mundu horretan trebatzeari, informazinoa, liburuak eta kutxa magikoak bilatzeari: Ez dago eskolea modukorik, lana batez be bakarkakoa izan da. Informazinoa bilatzen, gero eta gehiago sartzen zara mundu horretan eta konturatzen zara inguruan magiagaz zoro gehiago badagozala, autortu dau.

Injinerutza industriala ikasi eban mago getxotarrak, eta lau urtez enpresa batean injinerutza aeroespazialean lan egin baeban be, hori ixteatea erabagi eban, magian buru-belarri sartzeko, era profesionalean ibilteko. Artisteak azaldu dauenez, erabaki horreek hartzea ez da erraza izaten baina banekian magiaz bizi nahi nebala. Horregaitik errazagoa izan zan probetea. Pausu naturala izan zan.

Magia euskeraz

Mago getxotarrarentzat hizkuntzea oso garrantzitsua izan da beti, egiten dituan saio gehienak familiarrak (umeak eta gurasoak ikusteko modukoak) eta Euskal Herrian diralako. Berak beti igarten dau publikoa magiagaz gozetako prest dagoala. Haren eretxiz, magiak komuniketako hainbat formatu ditu eta horregaitik erraza da jarraitzea nahiz eta euskerea guztiz ez kontrolau: sarritan etorri dira neugana ikusleak ikuskizuna amaitu ondoren zoriontzera, nahiz eta euskerarik ez jakin ala gitxi jakin. Primeran pasau dabela esaten deustie, barre egin dabela, nahiz eta euskeraz egin ez.

Magiak harritzeko eta publikoagaz konektetako aukerea emoten dauela eta horrek beti daukala enkantu berezia dino getxotarrak. Horregaitik, giro horretan euskereak magiagaz gozetako balio dauelakoan dago, euskerea dalako ideak, pentsamenduak eta kasu honetan nire magia transmitiduteko bidea. Jenteak magia ikusi nahi dauen bitartean eta euskeraz bizi nahi dauen bitartean, komunikazino hori posible izango da. Duda barik, euskereak ez dau beste hizkuntzen aurrean lotsarik izan behar, euskereak be balio dauelako edozein gauzatarako, aurrean dagozanak ikusteko, entzuteko, ikasteko edo gozetako prest dagozan bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu