12 bertsolari gaztek hartuko dabe parte XI. Izeta Sariketean

Bizkaie! 2024-11-13 13:06   Bertsolaritzea

Zemendiaren 23an izango da, Erratzun eta Elizondon.

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dabe parte XI. Mariano Izeta Bertso Sariketean. Zemendiaren 23an, zapatua, jokatuko dira kanporaketak, Erratzun eta Elizondon. Horreetatik sei sailkatuko dira gaueko finalerako: halanda ze, afalostean jokatuko da, Elizondoko Kortarixar jatetxean.

Finalerako sarrerak, afaria eta saioa, hemen eskuratu daitekez, 16 eurotan. Ondokoak dira hitzorduak:

Kanporaketea. Elizondoko Intza tabernan, 18:00etan.

  • Ainara Ieregi Aranburu (Barañain).
  • Beñat Astiz Isasi (Barañain).
  • Eki Mateorena Zozaia (Leitza).
  • Endika Legarra Nuin (Iruñea).
  • Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu).
  • Julen Bernaldo de Quirós Royo (Iruñea).
  • Gai-jartzailea: Irati Agesta Latasa.

Kanporaketea. Erratzuko Zubi-Punta tabernan, 18:00etan.

  • Ekain Alegre Gil (Altsasu).
  • Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera).
  • Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar).
  • Josu Txoperena Iribarren (Lesaka).
  • Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza).
  • Mikel Lasarte Cia (Barañain).
  • Gai-jartzailea: Maialen Belarra.

Finala. Elizondoko Kortarixar jatetxean, 21:00etan.

  • Elizondoko 1.goa.
  • Erratzuko 1.goa.
  • Elizondoko 2.ena.
  • Erratzuko 2.ena.
  • Elizondoko 3.ena.
  • Erratzuko 3.ena.
  • Gai-jartzailea: Zigor Gartzia Arregi, Zian.

Hamargarrenez, Izeta gogoan

Betiko lez, Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Baztango Udalak antondu dabe sariketea. Aurtengoa, hamaikagarrena izango da.

2004. urtean atondu eben sariketea lehen aldiz. Ondokoak dira orain arteko txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Saats Karasatorre, Xabat Illarregi eta Sarai Robles.

Mariano Izetak herri kulturearen eta bertsolaritzearen alde egindako lan handia eskertzeko helburua dau sariketeak. Lanbidez erloju-konpontzailea zan, baina horretaz aparte lan itzela egin eban herri kulturea eta ondarea batzen eta ezagutarazoten. Egindako guztiagaitik, Baztango seme kuttun izentau eben. Idazle, Nafar Izkuntza-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-jantzen sustatzaile... Hamaika kontutan ibili zan Izeta.

Bertsolaritzea izan zan haren zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zan lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituan. Nafarroako Bertsozale Alkarteko ohorezko presidentea zan.

Kontuak kontu, Izeta Sariketeak Nafarroako bertsolari gazte eta hasibarriei bultzadea emotea dau helburu, plazak eskainiz, euren bertsogintzea garatu eta ezagutzera emon deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu