Arriaga Antzokiak euskerazko antzerkia Europako eremura eroango dau DoSEL proiektuaren bidez

Bizkaie! 2024-11-13 12:52   Euskerea berbagai

Gure hizkuntzea nazinoartean kokatuko dau.



Arriaga Antzokiak DoSEL (Drama of Smaller European Languages) proiektu europarrean parte hartuko dau. Orain urtebete hasi ziran ekimena lantzen eta orain martxan jarteko eta jentaurrean ezagutzera emoteko momentua da. DoSEL proiektuaren helburu nagusiak dira Europako hizkuntza gitxituetan idatzitako dramaturgia sustatzea, itzultzea eta zabaltzea. Europar Batasunaren Europa Sortzailea programeak kofinantziautako egitasmoa da. Arriaga Antzokiak eta gure hizkuntzeak, euskereak, nazinoarteko presentzia izango dabe, beraz, 2026ko amaierara arte jorratuko dan proiektu honi esker, aukera parebakoa izango baita, gure antzerkirako eta hizkuntzarako, baita euskerazko dramaturgiarako be.

Proiektu honetan parte hartzearen emoitza legez, Arriaga Antzokiaren euskerazko produkzino bat Europako beste hizkuntza gitxitu batera itzuliko da. Proiektuan parte hartzen daben herrialdeetako bitan antzeztuko da, gitxienez, eta hori, duda barik, erakusleiho bikaina da gure hizkuntzarako, baita gure artista eta sortzaileen lana beste herrialde batzuetan ikusteko aukerea be. Datozen asteetan zehaztuko dira Arriaga Antzokiak proiektu honetan antzeztuko dauen euskarazko produkzinoari buruzko zehetasunak, baita emonaldiak eskainiko dituen herrialdeei buruzkoak be.

Arriaga Antzokiko produkzinoren bat beste herrialde batzuetara eroateko aukeraz gan, DoSEL proiektuaren barruan hainbat jarduera be atonduko dira, besteak beste, itzulpen-tailerrak, dramaturgia-egonaldi artistikoak, mahai-inguruak eta hitzaldiak.

Nazioarteko erakusketa garrantzitsu bi be atonduko dira, Eslovenian eta Maltan.

Proiektuaren emoitzen zati lez, 24 antzerki-testu argitaratuko dira, bai jatorrizko hizkuntzetan, bai herrialde parte-hartzaileetako beste hizkuntza batzuetara itzulita.

Europako dibersidadea

Arriaga Antzokiak gogo handiz hartzen dau parte proiektu honetan, Europako dibersidade kulturala sustatu nahi baita, esperientziak trukatuz eta kontinente zaharreko beste antzoki batzuekaz lankidetzan jardunez, horreek be hizkuntza gitxietan lan egiten baitabe.

Holan, proiektu honetan honako kultura-gune honeek hartzen dabe parte, Bilboko Arriaga Antzokiagaz batera: Presernovo gledalisce Kranj (Eslovenia), National Agency for the Performing Arts (Malta), Croatian National Theatre in Zagreb (Kroazia), Foundation Estonian Theatre Agency (Estonia), National Theatre of Kosovo (Kosovo), "Ivan Vazov" National Theatre (Bulgaria) eta Beckett aretoa (Katalunia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu