Bueltan da IgeriBizi: euskerea, olgetak eta kirola Faduran
2024-11-13 11:14 Euskerea berbagaiAbenduaren 7an eta 8an.
Swim Camp Getxo ugerketa alkartearen egitasmo soziala da IgeriBizi. 2023an sortua, bigarrenez egingo dabe 24 orduz uger, euskerearen alde egitasmoa. Bizarra Lepoan Euskara Alkartearentzat izango da aurten batuko dan dirua, atontzaileen eretxiz, neurri handi batean, eurei esker daukagulako geure hizkuntzan biziteko aukera andana, geure herrian bertan.
Aurten, Euskerearen Nazinoarteko Eguna laneguna izango danez, abenduko bigarren astegoienean egingo da IgeriBizi euskerearen aldeko ekitaldia. Abenduaren 8an eta 9an, euskeraz eta jarduerez beteko dira, beraz, beste behin, Fadurako ugerlekuak. Zapatu eguerdian hasita eta domeka eguerdian amaituta, txandaka eta parte-hartzaileek nahi daben distantzia eginda, hogeita lau Orduz beteko da Fadura euskaltzalez. Edade guztietako lagunek gozetako moduko jarduerak egongo dira, gainera, tartean waterpolo topaketak be iragarri ditue.
Aurten be omenaldia merezidu dauen lagun batek egingo dau lehen erreleboa: Mikel Erdozain kirolari paralinpiarra eta aurtengo Parisko jokoetako lehiakidea. Getxoko eta Uribe Kostako bizi-kalidadea hobetzen daben alkarteak omentzen ditu IgeriBizik eta, aurten, Bizarra Lepoan Euskera Alkartearentzat izango da parte hartzetik jasotako dirua. Atontzaileen eretxiz, Getxon, euskerea bultzatzea eta normalizetea eta hizkuntzearen erabilerea sustatzea dira Bizarra Lepoanen helburu nagusiak.
Igazko erantzun bikaina ikusita, formatuari eutsiko deutse. Enpresa, alkarte eta taldeek, 50 euroren truk ordubete erosi ahal izango dabe eta, erreleboak eginda eta nahi daben erritmoan, ordu hori beteko dabe. Nahi beste kidek hartu ahal izango dabe parte eta, laguntzarik behar izatekotan, Swim Camp Getxoko ugerlariek txandakaz lagunduko deutsee. Orduaren erreserbea egiteko swimcampgetxo@gmail.com posta elektronikora jo beharko dabe argibideak jasoteko.
Kuadrilla eta lagunarteek personako 5 euroko donazinoa egingo dabe eta nahi beste denpora egon ahal izango dira uretan. Ez dabe zertan ordubete egin behar, ezta gitxieneko luze kopuru bat be. Familiek, bestalde, 10 euroko donazioa eginda, familia nuklear osoagaz parte hartu ahal izango dabe. Tituludun sorosleak, Swim Camp Getxoko ugerlariak eta IgeriBiziko atontzaileak izango dira bertan, 24 orduetan, segurtasuna, errespetua eta danek ondo pasetan dabela ziurtatzeko.
Parte-hartzaileek IgeriBiziko txanoak erosi ahal izango ditue, aurretiaz zein egunean bertan.
Emon izena hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!