Miren Arzalluz izentau dabe Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusi

Bizkaie! 2024-11-13 07:38   Kulturea

Apirilaren 1ean hartuko dau kargua.

Miren Arzalluz LoroƱo. | Ikusi handiago | Argazki originala



Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak Miren Arzalluz historialari eta komisario ezaguna izentau dau gaur Museoaren Zuzendari Nagusi, azken hilebeteotan osotutako hautaketa-prozesua amaitu ondoren.

Patronatuak Miren Arzalluz aukeratzearen arrazoien artean dagoz harek nazinoarteko kultur-erakundetan dauen esperientzia eta horri esker lortu dauen aintzatespena; Museoaren proiektuagaz epe luzerako konpromisoa hartzeko borondatea; Museoa herrialdea eraldatzeko estrategian giltzarria izateko helburuagaz bat etortea; eta Museoak lan egiten dauen testuinguru kulturalaren aurrean sensibilidadea erakustea, tokiko balioak eta balio globalak integretako gaitasuna.

Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978)

Palais Galliera-Parisko Modearen Museoko zuzendaria da gaur egun eta kulturearen arloan nazinoarteko ospea daben erakundeetan erantzukizun handiko lanetan egindako ibilbidearen ostean dator Guggenheimera. Artearen historiaren, ikerketearen eta museoen arloetan dauen ezagutza sakona dakar eta, horrezaz gan, eskarmentu handia dau erakundeen kudeaketan eta nazinoarteko hartu-emonetan.

Deustuko Unibersidadeko doktoregoa dau Historian, Artearen Historiako Masterra egin eban The Courtauld Institute of Arten eta Politika Konparatuan Masterra London School of Economicsen. Azken sei urteotan Palais Gallieraren zuzendaria izan da eta erakunde hori barritzeko eta handitzeko proiektu handigura baten ardurea izan deu, museoaren birdefinizino sakon eta barritzaile baten bidez erakunde hori fase barri baterantz eroatea lortuz. Paris Musées eta Parisko Uriko erakundeakaz lankidetzan, Miren Arzalluzek diziplinarteko ikuspegi barria sustatu dau, Palais Gallieraren eta nazinoarteko beste arte eta diseinu museo batzuen arteko alkarrizketak eta kolaborazinoak ezarriz eta publikoaren nahiz kritikearen aldetik onarpen handia izan daben erakusketak sortuz.

Miren Arzalluzek nazinoartean lortutako autortzearen arrazoi dira, besteak beste, 2024an Frantziako Kultura Ministerioak Chevalière de l'Ordre des Arts et des Lettres izentetea eta oraintsu AEBetako diseinu-sari nazionaletan epaimahai izatea, New Yorkeko Smithsonianeko Cooper Hewitt Diseinu Museoak emoten dituan National Design Awards 2025eko sarietarako.

Miren Arzalluzek gaur egungo euskal kultureagaz lotura estuak be baditu: Bilboko Arte Ederren Museoko Aholku Batzorde Artistikoaren kidea da eta Parisera joan aurretik Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan zan. Erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da eta nazinoartean euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen ikusgarritasuna bultzatzeko lan egiten dau. Arte-aditu independente lanetan izandako esperientziari esker, erakusketetan komisario izan da munduko hainbat herrialdetan eta bost urtez Balenciaga Fundazinoko eta Museoko komisario-buru izan zan, erakusketen eta Bildumearen arduradun.

Miren Arzalluz Zuzendari Nagusi Hautetsi izentauko dabe 2025eko martiaren 1ean eta izentapenak egun horretatik aurrera izango dau eragina. Lau astez, apirilaren 1era arte, murgiltze-prozesu bat egingo dau Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Vidarte Museoko Zuzendari Nagusiagaz batera. Egun horretan, Miren Arzalluzek Zuzendari Nagusi kargua hartuko dau, erantzukizun osoz.

Hautaketa-prozesua

Maiatzaren 20an Juan Ignacio Vidartek Patronatuan Zuzendari Nagusi lez dituan ardurei amaiera emoteko erabagia iragarri eban, Museokon zuzendaritzan belaunaldi barriaren ordezkari bat sartzea ahalbidetzeko. Hortik aurrera, nazinoarteko hautaketa-prozesu bat jarri eben martxan, artearen eta kulturearen sektoreko zuzendaritza-kideak kontratetako zereginetan nazinoarteko esperientzia handiko Berlingo Antonia Josten enpresearen eskutik.

Bagilaren 3tik 30era hautaketa-prozesuaren zabalkundea egin eben eta eskabideak Museoaren webgunean aurkeztu zituen interesdunek. Fase horretan 1.160 bisita erregistrau ziran Museoaren webguneko atalean: 739 gaztelaniaz, 327 ingelesez, 50 frantsesez eta 44 euskeraz.

Honako ezaugarri honeek behar zituan hautagaiak, besteak beste: artearen eta museoen funtzionamenduaren ezagutza handia izatea, arlo horren barruan nazinoartean kudeaketa eta plangintza-gaitasun egiaztatuak izatea, lidergo-gaitasuna eta esperientzia izatea funtsak lortzeko eta audientziak garatzeko, hainbat hizkuntzatan komuniketako gaitasuna izatea, prestakuntza eta kualifikazino handia izatea museoen jardunagaz lotutako gaietan eta Museoaren errealidade instituzionala eta testuinguru soziokulturala ezagutzea.

Prozesuan, 79 profesional hartu ziran kontuan (% 32 nazioartekoak, % 23 Euskal Autonomia Erkidegokoak eta % 45 Estaduko gainerako herrialdeetakoak). Profilak aztertu eta alkarrizketak egin ondoren, Antonia Josten enpreseak hautagai aukeratuen zerrenda bat egin eta hautaketa-batzordeari bialdu eutson baloretako. Batzorde horrek hautagaiak ebaluau zituan eskatutako gaitasunen eta ezaugarrien arabera eta, azkenik, hareen ustez hautagairik egokiena eta artearen munduko erronka barriei ondoen erantzungo eutsena aukeratu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu