Urkiola eta euskal mitologiaren magia

Amaia Larruzea 2024-11-11 13:02   Ibilian-ibilian

Valentzia eta Toledoko lagun biri erakutsi deutsagu bertoko inguruak.

10 kilometroko ibilbidea, Urkiolako eta euskal mitologiako ikuspegi ederrenetatik. Zure herrialdearen eta inguru maitearen anfitrioi lanak egin behar dozunean, inoizko begirik ederrenakaz erreparetan deutsazu aldamenean dozunari. Holan izan da Toledoko eta Valentziko lagunei egin deutsagun gidaritzea.
 
Atxarten, Abadiñoko Mendiola auzoan kokatutako Urkiolako alderik kuttunenean, autoa itxi eta aldatzean gora hasiko gara. Txakurzuloko bidea hartu, eskumara dagoana eta erromatar galtzadara bidean, 2.2 kmko ibilbidea dogula adierazoten dauen kartelaz jaubetuko gara; baserri inguruetatik eta mendi bidetik beharrean, asfaltoko pistatik. Bizikletan egiteko ibilbide aproposa da.

Gaurkoan, barriz, eskumalde horretatik egingo dogu aurrera. Aldatz txiki bat eta Urkiolara igoteko Gatzaieta baserritik gertu dagoan bihurgune batera heldu eta karteletan adierazotakoari jarraituz, Urkiolarantz egingo dogu. Gure ezkerraldean, Anbotoko mendilerro guztia eta Atxarteko ikuspegia daukaguz.

Hiru Kurutzeetara heldu eta ha jaia! Zenbat jente! Domekea eta eguraldi ona. Gidari lanetan jarraituz, Toledoko eta Valentziko lagunei Anbotoko Mariren silueta guztia adierazo geuntsen; etzanda dago geure Mari, gora begira, bere begia Alluitzen azpian, oso markauta, ikusgai. Haren surra Alluitz gailurraren inguruan eta ahoa, Infernu zubi ezagunean. Gorputza etzanda kresterio, mendilerro guztia, Larranotik pasauta eta Anbotora heldu arte. Bertan dago haren etxearen gailurra, gehienetan, lainopean dagoana. A bai! Egia da.

Urkiolako santutegitik pasau eta Urkiolamendirantz egingo dogu. Jente dezente dabil, betiko lez, baina, gaur, bereziki. Bidea ez da amaitzen! esaten eben eta egia da, ikusi egiten danez, amaibakoa dala emoten dau. Goian, mikroklimea dago, sekulako haizea. Handik, pol-polera jaitsi, burdinezko iturria ikusi, edan eta aurrera egin genduan, Atxarterantz.

Larranora bidean, ezkerrean dogun lehengo bidea beharrean, bigarrena hartu behar dogu, seinalizauta dagoana. Atxarterantz egin eta tarte batzuetan, ikaragarria zenbat basa dagoan. Lagunak harrituta, primerako eguraldia eta basatza hau! Zelan da posible! Bai, ibilbide honetan beti dagoz zapatillei astindu ederra emoteko tarteak, izan be, eguzkiak ez dau joten.

Aurrera egin, Untxillaitz, Astxiki eta Alluitz begien aurrean izan, Guenzelaiko ikuspegiaz disfrutau, argazki politak egin eta a zelako bisita gidatu polita, anitza eta ederra egin dogun!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu