200 ekitaldi eta 4 mila parte-hartzaile Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldietan

Bizkaie! 2024-11-11 08:40   Kulturea

Kulturearen arloko hitzordua izan dabe Bizkaiko 72 udalerritan.

Amaitu da, Bizkaian, Bide, sare eta loturen ondarea izenpean egindako Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizinoa. Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako ekimen horrek ehundik gora eragile kultural eta sozial batu ditu, egitarau askotarikoa eta parte-hartzailea, 210 jarduerakaz, 72 udalerritan. Bertoko ondarea sustatu dabe, baita ha babestearen gaineko sensibilizazinoa be.

Jarduera-eskaintza zabala guztientzat

Programazinoan ibilbide gidatuak, hitzaldiak, bisita antzeztuak, tailerrak eta dokumentalen proiekzinoak eskaini dira, beste formatu batzuen artean. Nabarmendu behar dira bide historikoak zeharkatzen dituan 91 ibilbideak, baserriak, zubiak, errotak eta kargategiak. Ekitaldiak udalen, museoen, turismo-bulegoen, interpretazino-zentroen eta kultura eta gizarte-alkarteen laguntzinoa izan dau.

Bideen ondarea eta ibilbide historikoak

Aurton, lehorreko eta itsasoko ibilbideetan jarri dabe arretea, historian zehar salgaien, personen eta ideen trukearen bidez Bizkaia moldau daben konexino eta eraginei eusteko. Hainbat jarduera egin ziran, besteak beste, Merioaren Ibilbidea Durangaldean eta Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea Ondarroan. Ganera, UPV/EHUren Leioako campusetik edo Bilboko eskola historikoetatik egindako ibilbidea lako jarduerek be osogai didaktikoa eta irisgarria gehitu eutseen eskaintzeari.

Parte-hartze eta balorazino positiboa

Aldez aurretik erreserbea behar eben programautako jardueren % 70 bete egin ziran. Bertaratutakoen artean egindako gogobetete-inkesteak erakutsi ebanez, parte-hartzaileen % 90ek esperientzia oso positibotzat jo eben, azalpenen eta atonketearen kalidadea nabarmenduz.

Publikoaren profilari jagokonez, % 64 emakumeak izan ziran eta % 36 gizonak eta, batez besteko edadea, 51-64 urte izan zan.

Jardueren balantzea

Ondarearen Europako Jardunaldien 2024. edizinoaren barruan 210 kultura-jarduera egin dira Bizkaian:

  • 91 ibilbide historiko oinez eta itsasontziz, itsasoko eta lurreko loturak nabarmentzeko.
  • 41 bisita gidatu baserrietara, zubietara, ermitetara eta beste ondare-elementu batzuetara.
  • 6 bisita antzeztu, horreetatik 2 errealidade birtualeko formatuan.
  • 8 familia-tailer.
  • 43 hitzaldi eta berbaldi, garrantzi historiko eta kulturaleko gaiei buruz.
  • 5 ikus-entzunezkoren proiekzinoa.
  • 9 kontzertu eta errezitaldi.
  • Jarduera bereziak, esaterako, iges gela, argazki-lehiaketea eta 3 erakusketa.
  • Zuzeneko irratsaioak.

Holan, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten dau kultura-ondarea sustatzeko konpromisoa, herritarren eskura jarriz Bizkaiko ondare materiala eta ez-materiala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu