Euskereak, kultureak eta kirolak bizkaitarren bizitzan indar handiagoa izan deien aurrekontua handitu dabe
2024-11-08 07:45 KultureaIgazkoa baino % 2,13 handiagoa izango da.
Euskerea, eta, gehienbat, bizkaierea sustatzea hainbat esparrutan, bizi-ohitura osasungarriak txertatzea eta kirola edade-tarte guztietan egitea, eta kulturea sustatzea, kanpora adi, baina tokiko talentua indartzen jarraituz.
Leixuri Arrizabalagak, Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak azaldu dauenez, «ditua zuzendaritzen artean banatu da, hainbat proiektu edota beharri erantzuteko. Beti be, bat etorri ziran legegintzaldi hasieran aurkeztutako sailaren helburuakaz eta aurrez aztertutako erronkak gauzatzeko asmoei eutsiz».
Bizkaiko Foru Aldundiak 67.581.000 euroko aurrekontua esleitu deutso sailari datorren urterako; 8.482.000 euro euskerearen normalizazinorako, 43.688.500 euro kultura eta ondarerako, 11.618.000 euro egunerokoan kirola egitea sustatzeko eta 3.792.500 euro sailaren zerbitzu orokorretarako.
Helburuak ondkoak dira: batetik, kulturea sustatzea eta herritarrei horrezaz gozetako espazioak eskaintzea, gure ondarea jagoteaz gan. Bestetik, bizkaitarren bizitzan kirola ezinbesteko elementu bihurtzea, gure kirolariak babestu eta laguntzen ditugun bitartean. Eta azkenik, euskerearen presentzia hainbat esparrutan sustatzen jarraitzea, aisialdian, arlo sozioekonomikoan, transmisinoan eta teknologia barrietan, besteak beste.
Euskerea sustatzea, bizkaiereari garrantzia emonez
Euskereak 8.482.000 euroko partidea izango dau datorren urtean eta horreagaz, euskerearen erabilerea areagotu nahi da bizitzako arlo guztietan; euskerearen erabilerea sustatzen jarraitzea da asmoa, ezagutzan urratsak emonez. 79.000 euro erabiliko dira kirol arloan gure hizkuntzearen presentzia bermatzeko, eta 2.226.000 euro aisialdian euskerearen erabilerea sustatzeko. Gazteen arteko hartu-emonetan euskerea naturaltasunez erabilzeko ahaleginetan be 70.000 euro erabiliko dira. Arlo sozioekonomikoan lehentasun hori bermatzeko, 415.000 euro bideratuko dira eta 1.250.000 euro ingurune digitalean euskerearen erabilera-ohiturak sustatzeko.
Bestalde, 542.000 euro erabiliko dira Bizkaiko Foru Aldundia euskalduntzeko eta 1.054.000 euro udaletako euskera-zerbitzuei aholkularitza eta laguntzen jarraitzeko.
Bizkaiereak berebiziko garrantzia izango dau aurrekontuetan, 737.000 euro bideratuko baitira euskalkia indartzeko. Azkenik, euskerazko sorkuntzarako bideratutako partidea 140.000 eurokoa da.
Kulturea, gizartea egituratzeko ardatza
Kultureak 43.688.500 euro jasoko ditu euskal kulturea transmitidu, landu eta sustatzeko. Horretarako, lan-arlo honeek ezarri dira sailean: sorkuntza eta dinamismo kulturala babestea eta sustatzea, talentua eta kulturartekotasuna bermatzea, Bizkaiko ondarea babestea eta gizarte-hezkuntzea aisialdi bihurtzea.
13.502.500 euro kultura-jardueretarako, 1.753.000 euro gizarte-hezkuntzako ekipamendu eta programetarako, 1.342.000 euro Foru Liburutegirako, 23.483.000 euro museoen sarerako eta haren informazinoa zabaltzeko (atal horretan kontuan hartu behar dira Arte Ederren Museoa, Rekalde Aretoa eta Euskal Museoa birmoldatzeko obrak).
Bestalde, ondare higigarriaren eta arkeologiaren arlora 2.760.000 euro bideratuko dira, eta 848.000 euro Foru Agiritegira.
Kirola
Personen arteko hartu-emonetarako, kohesino sozialerako eta balioak transmitiduteko tresnea dala kontuan hartuta, sailaren helburuak askotarikoak dira: persona bakotxaren neurrira egindako kirola sustatzea, tokiko modalidadeak indartzea, dibersidade funtzionala daben personen artean kirola sustatzea edo kirolaren munduan euskerearen presentzia areagotzea, besteak beste. Berebiziko garrantzia izango dau kirol-sisteman emakumeen presentzia aktiboa sustatzea eta horretarako, 500.000 € gehituko jakoz ohiko finantzaketa-lerroari.
Horregaitik guztiagaitik, kirola herritarren bizitearen parte izan daiten, Sailak 11.618.000 euro jasoko ditu datorren urteari begira.
Administrazino-kudeaketea erraztuz
Saileko Zerbitzu Orokorrak arduratzen dira izapidetze administratiboa herritarrei hurreratzeaz. Organo laguntzailea eta koordinatzailea dan horrek barrubatzen ditu kontrol juridikoa eta ekonomikoa, langileen kudeaketea eta kontratazinoa eta Foru Plan Informatikoaren bidezko izapidetze arrunterako aplikazino informatikoen erabilerea. Zerbitzu horreetarako aurrekontu-partidea 3.792.500 eurokoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!