Euskaraldiaren enbaxadore izango dan hamaikakoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-11-07 13:52   Euskerea berbagai

Inoren ordezkari izan barik, modu personalean eta borondatez ibiliko da taldea.

Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dabe, gaur, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Komunikazinoa, kirola, musika edo sukaldaritzea lako arloetan ibilteagaitik ezagunak diran Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak dira Euskaraldiaren enbaxadore taldekoak.

Euskaraldiren lehen edizioan bezela, Inoren ordezkari izan barik, modu personalean eta borondatez ibiliko dan taldea:

  • 1. Eneko Atxa Azurmendi, sukaldaria.
  • 2. Oihana Azkorbebeitia Urizar, mendi lasterkaria.
  • 3. Aitor Bengoetxea Zabalza, musikari eta break jantzaria.
  • 4. Lutxo Egia del Rio, idazlea.
  • 5. Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust), trabestia.
  • 6. Ana Goitia Erkiaga, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea.
  • 7. Itziar Ituño Martinez, aktorea.
  • 8. Roberto Moso Gil, komunikatzailea.
  • 9. Zibel Untsain Damestoy, jantzaria.
  • 10. Esti Urresola Solaguren, zinemagilea.
  • 11. Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pelotaria.

Konpromiso personala hartzeaz gan, enbaxadore diranez, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabagiaren barri emongo deutsee eta euskerea ulertzen daben hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbidauko ditue. Laugarren edizinoko goiburuari eutsiz, Alkar mobiduz egingo dogu– hamaikakoa osotzen daben lagunek erabileran aurrerapausoak emotera eta hizkuntza portaerak aldatzera animauko ditue herritarrak. Ariketearen koordinatzaileek badakie Euskaraldiak hizkuntza-ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen dauela baina testuinguru hori erabiliko daben herritarrak aktibetea behar-beharrezkoa da eta horretarako, Euskaraldia zabalduko daben personak dira giltzarri.

Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak egin dabe berba eta taldeko guztiek Euskaraldiaren gonbita ilusinoz eta erantzukizunez jaso dabele esan deuskue: Euskaraldian parte hartuko dot nire burua modu kontzientean euskera gehiago erabilteko kapaz nazelako eta enbaxadore nazenez, erabagi hori besteakaz alkarbanatzea eta hareek be parte izatera gonbidatzea, ederra begitantzen jat, azaldu dau Garciak.

Urresolak, barriz, Euskaraldia lako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan dau: ariketearen jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan dauen erantzuna eta ibilbidea ikusteak holakoen beharra badala erakusten dau, nabarmendu dau zinemagileak.

Zergaitik eta zertarako

Euskaraldiaren hurengo ariketea 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, lehen aldiz, udabarrian eta Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten dan azaleraztea izango dabe helburu: Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizau nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindino ez dagozanak errotatuta, azaldu dau Urkijok.

Zabaldu nahi dituen hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen berbea euskeraz egitea; euskeraz ulertzen dabenakaz, euskereari eustea (alkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskeraz egitea: lehen berbea euskeraz eginda, edo ahal dan guztietan -ulertzen gaituen guztietan- euskerea erabilita, mobidu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzino bakotxak euskerearen erabilerea handitu eta milaka eta milaka petsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dogu, azpimarratu dau Urkijok. Izan be, Euskaraldiaren helburua hori da: euskerearen erabileran eragitea, euskera gehiago entzun daiten Euskal Herri osoko txoko eta bazterretan.

Euskaraldian parte hartuko daben herriak zein erakundeak dagoeneko hasi dira izena emoten eta, berazz ariketara batu nahi dabenek horretarako aukerea dabe hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu