'Hitzak Lege', Donibane Garaziko Herriko Etxean

Bizkaie! 2024-11-07 07:59   Euskerea berbagai

Inportantzia historikoa izan daben euskerazko testu juridikoak batzen dituan erakusketea.

Donibane Garaziko Herriko Etxean pausatu da Hitzak Lege, inportantzia historikoa izan daben euskerazko testu juridikoak, arlo pribatukoak zein publikokoak agertzen dituan erakusketa ibiltaria. Erakusketa ohorezko aretoan izango da ikusgai, 2024ko abenduaren 6ra arte (astelehenetik barikura, 8:30 - 12:00 eta 14:00 - 17:30). Baionan (2024ko urtarrilean, Departamenduko artxiboen gunean), Iruñean, Bilbon eta euskal uriburu gehienetan egon ondoren, Baxe Nafarroako uriburuan ikusgai izango da aldi honetan, Terres de Navarre-Nafarroako lurraldeak alkartearen ekimenari eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen partaidetzeari esker.

Euskal hiztunek hartu-emon juridikoetan euskerea erabili dabela eta erabilten dabela azaleratzea da erakusketearen helburu nagusia. Horretarako, 25 panelez (dokumentuen informazinoagaz, lau hizkuntzatan); 3 panel alkarreragilez, 3 panel argiztatuz eta mahaitxo biz (jatorrizko dokumentuak erakusteko) horniduta dago erakusketea. Euskerearen lurraldeetan euskerea eremu juridikoetan erabili izan danaren adibide dira erakusketa honetan barruratutako dokumentuak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Barrian gordeten diran euskerazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan atondu ditu Hitzak Lege prestatu dauen Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak: gure hizkuntzea orain mende askotatik egon da presente euskerearen lurraldeetan bizi ziran personen hartu-emon juridiko pribatuetan, baita lurralde horreetako instituzinoen jarduera administratiboan be. Hori argi ikusten da erakusketa honetan.

Hona hemen Donibane Garazin ikusti daitekezan dokumentu bitxi batzuk:

  • 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten dau zelan jokatu behar zan oinordetzetan eta dohaintzetan.
  • Etxepare, Axular eta Oihenarten testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.
  • 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek alkarri emon eutsenn berbea ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziran, eskribaua, barriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dala eta, lekuko elebidun baten laguntzea eskatu eban eskribauak).
  • 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antxinako Erregimenetik datoz. Horreetan, estatuek —eleizak, nobleziak, hirugarren estaduak— eskaerak bideratzen deutsee erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, hareen diputaduena eta Nazinoko Estadu Orokorrena da. Frantsesez eta euskeraz emona dago.
  • 1790. Frantziako Iraultzea eta Lapurdiko komunidadearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendiduten dau Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
  • 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zan euskal literaturan: berba lauz eta berba neurtuz idatzi eban, bai eta itzulpenak egin be; adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martiaren 15eko gutun pastorala itzuli eban. Bizkaieraz egin eban itzulpena eta Bilbon inprimidu eben.
  • 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituen.
  • 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskeraz idatzi zan.
  • 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
  • 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala, 1948.
  • Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.

Bisiten ordutegia

Zemendiaren 6tik abenduaren 6ra (astelehenetik barikura, 8:30-12:00 – 14:00-17:30), Terres de Navarre-Nafarroako lurraldeak alkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu ondoko zapatuetan: zemendiak 9, 16 eta 23an, 10:00etatik 12:00etara.
Edozein galdera edo duda argitzeko, bisitaren bat atontzeko zein alkarrizketaren bat eskatzeko:

  • Terres de Navarre-Nafarroako lurraldeak alkartea: contact@terresdenavarre.fr
  • Euskaltzaindia: jiroz@euskaltzaindia.eus / 05 59 25 30 56

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu