Juan Mari Beltran Argiñena: 2024ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona sariduna

Bizkaie! 2024-11-06 07:56   Kulturea

Musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmitiduteagaitik.

Ana Urkiza eta Juan Mari Beltran. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Ikaskuntzak ezagutzera emon barri dau 2024ko Manuel Lekuona Saria: Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947) musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakaslea.

Saria 1983an sortu zan, euskal kulturearen alde lan egindako personak goratzeko eta Beltranen kasuan, epaimahaiak adierazo dauenez, haren lana dibulgazino multidimensionala izan da, txikitik unibersalera joan da, izan be, instrumentu-familia ezbardinak Europako ingurune kulturalean barruratzen eta kokatzen laguntzen dau; ondareari abanguardiako itxurea emoten asmau dau eta prestigio bako musika-tresnei merezidu daben errekonozimendua emon deutse.

Umea zalarik, Juan Mari Beltranek Etxarri Aranatzen ekineutson bere musika ibilbideari klarinete eta txistulari lez eta 16 urtegaz Argia — Donostiako Euskal Jantzari Taldean sartu zan. Irakasle lanetan, Hernaniko Musika Eskolan emon zituan lehen urratsak albokea, dultzainea, txalapartea, txanbelea eta txistua erakusten.

1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak batzen hasi zan, formatu eta modalidade guztietan. Bilduma partikular hori Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zan, 2002. urtean Oiartzunen ateak zabaldu zituan folklore tradizionalaren inguruko dokumentazino, sustapen eta topaketarako zentroarena. Euskal Herrian bakarra da museoa eta jarduera gune garrantzitsu be bada, bertan instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazinoak batzen dira, etnomusikologian espezializautako liburutegi bategaz batera. Soinuenea kultur transmisinoaren arloan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat da.

Orain mende erdi baino gehiagotik, Juan Mari Beltranek musika-ondarea berreskuratzen, jagoten eta transmitiduten lan egiten dau, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean egozan musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi barriei ezagutzera emotea ahalbidetu dau. Bestetik, euskal herri errepertorioko konposizinoak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketeagaz batera.

Ikerketeari jagokonez, 2024ko Manuel Lekuona Sariak herri-musikeari eta folkloreari buruzko azterlan ugari jorratu ditu Euskal Herrian eta nazinoartean, eta, holan, musika-tresnen familiak Europako kultura-ingurunean sartzen eta maila globalean ulertzen lagundu dau. Horregaz batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eregiten inplikau da. Zeregin hori guztia dozenaka argitalpen bibliografiko zein diskografikotan gauzatu da, baita Euskal Herri osoan bakarka edo taldeakaz egindako musika emonaldietan be.

Manuel Lekuona Sariaren 2024ko erabagia

2014tik, Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunidade Globalaren eretxia eskatzen da botazino edegi bidez eta bazkideena be batzen da. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen dau emoitzea. Aurten, epaimahai hori, Eusko Ikaskuntzaz gan, Euskalerriaren Adiskideen Alkartea, Eresbil-Musikearen Euskal Artxiboa, Barandiaran Fundazinoa, Euskal Kultur Erakundea, UN Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osotu dabe, hau da, bere izakereari fidel, lurraldetasuna jagoten dau Eusko Ikaskuntzak, ez bakarrik botoen eskaera bazkideei eta Euskal Komunidade Globalari eginez, baita epaimahaian Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkari adituak deituta be.

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskulturea, Manuel Lekuona saria irudikatzen dauenak, ekitaldi publiko batean emongo jako, 2025ean, segurutik udabarrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu