42. Ertibil Bizkaia Deriora heldu da

Bizkaie! 2024-11-05 09:30   Kulturea

Arte Bisualen Erakusketa Ibiltaria Derioko Kultur Birikan egongo da abenduaren 2ra arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako erakusketa honetan, lurraldean bizi eta lan egiten daben 18 sortzaile barriren lanak aurkezten dira, Bizkaiko egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentua islatzen ditu. Lanek —instalazinoak, margolanak (orioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskulturea eta argazkigintzea— parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dabe.

Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burge nabarmentzen da, lehenengo saria eskuratu baitau Entre murmullos y cabello lanari esker; zortzi marrazkiko bildumea da, espazio multidimensional batean marra eta zatien arteko fusinoa esploretan dauena. M. Benito Pirizek bigarren saria irabazi dau Abrazo lanagaz; zulatutako gorputzeari buruzko eskultura-hausnarketa bereziagaz. Lucía Jayo Altamiranok hartu dau hirugarren saria You' ll Never Guess lanari esker; argazki proiektu bat da, irudiak errepetiduta ikuslearen pertzepzinoa desafietan dauena.

Aurten, 149 eskaera jaso zituan ERTIBILek, proposamenak teknika eta espezialidade artistiko askotakoak izan dira eta gure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dabe. Aurkeztutako guztien artean, 18 obra hautatu ziran, kontu handiz, erakusketa honetarako, Bizkaian sortzen dagoan talenturik onena erakusteko.

Honako honeek dira Ertibil Bizkaia 2024ko hiru sarituak eta 15 hautatuak: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Rayak osotutako bikotea.

Ertibil 2024k bere ibilbideari ekingo deutso eta Deriotik alde eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan izango da abenduaren 3tik 30era.

Itsasargia artista barrientzat

1983an Ertibil Bizkaia sortu zenetik, Bizkaiko artista barrientzako itsasargia izan da, esperimentazinorako eta adierazpen artistikorako oinarrizko espazio bat eskaintzen deutsena. 42 edizino egin dira daborduko eta, dagoeneko, Bizkaiko arte bisualen arloko erreferente bihurtu da. Ikusleakaz konektetako dauen gaitasunagaitik eta barrikuntza artistikoagazko konpromisoagaitik nabarmentzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu