Hizkuntzak Bizibarritzeko Formazino Programeak emon ditu bereak
2024-11-04 07:46 Euskerea berbagaiOraintsu egin dabe azken jaia, Aretxabaletako Arkupen.
Formazino programea Garabide Kultur Alkartearen hizkuntza lankidetza programea da eta aurten, munduko 18 hizkuntza-aktibista izan dira gurean, hizkuntzak bizibarritzeko estrategietan trebatzea helburu.
Sei astetako egonaldia egin dabe 18 hizkuntza-aktibistek Euskal Herrian, euskerearen bizibarritzearen esperientzia bertatik bertara ezagutzen. Munduko 13 hizkuntza ordezkari izan dira: Erdialdeko Amerikatik hasita, Yucatango hiru maia eta Guatemalako maia kaqchikel bat. Hego Amerikatik, Kolonbiako nasa, Ekuadorko kitxua bi, Brasilgo aseninka, Boliviako ketxua eta guarania, Argentinako guarania eta Wallmapuko maputxea. Afrikako kideak be izan dira, Ekuatore Gineako bubia eta Marokoko amaziga. Alemaniatik be etorri da amazig diasporako kide bat. Azkenik, aurten, Asiako kide bat be izan da formazino programan, kurdua, hain zuzen be.
Egonaldia biribilduteko jaia
Euskararen esperientzia, mundu zabalera Garabideren hizkuntzak bizibarritzeko programeak, bide emoten dau, euskaldunok hizkuntzearen bizibarritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak hizkuntza gitxituak bizibarritzen dabizen munduko beste komunidadeakaz alkarbanatzeko, izan be, Garabideko presidente Iñaki Martinez de Lunak nabarmendu dauenez, gauza asko ditugu oraindino be lortzeko, baina beti horreei begira egon barik, jakin behar dogu euskerearen bizibarritze esperientzia erreferentzia dala munduan.
Ekitaldia amaitzeko, Bernat Etxepareren Kontrapas abestu eben alkarregaz: euskaraz inprimidutako lehen liburuan –Linguae Vasconum Primitiae– abade baxenafartarrak euskereari eskaini eutson olerkia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!