Letoniako Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School izan da nagusi Tolosan

Bizkaie! 2024-11-04 07:50   Musikea

Polifonia eta folklorean, lehen saria eskuratzeaz gan, euskal interpretazino onenaren saria be eroan dabe etxera.



Letoniako Mixed Choir of Riga Cathedral Choir Schoolek bost sari jaso ditu eta, tartean, datorren urtean Tolosan egingo dan Europar Sari Nagusirako txartela eskuratu dau.

55. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako bigarren eta hirugarren postuetan be ez da ezustekorik izan: polifonia eta folklorea atalean, Suediako Storkyrkans Chamber Choir-ek irabazi dau bigarren postua eta hirugarren egin eban Mikrokosmos Frantziako abesbatzak.

Umeen (sei abesbatzek hartu dabe parte) sariketeari jagokonez, orain zazpi urte be irabazi eban The Rezonanz Children’s Choir (Indonesia) nagusitu zan eta Ama begira ezazuren bersino koreografiatua eskaini eben, publikoaren gozamenerako. Bigarren eta hirugarren egin eben World Vision Korea Children’s Choir eta Children’s Choir Lielvarde letoniarrek.

Beste alde batetik, helduen sariketa nagusiari ekinez, Jurgis Cabulis abesbatzaren zuzendariak gogoz eta eskertuta jaso zituan sariak talde lanaren emoitzea zirala nabarmenduz.

Rigako Katedraleko Abesbatzaren Eskolako kideek erregistro ezbardinetan ondo moldatzen dakitela erakutsi eben, polifonian ahotsaren kontrola eta jokoak bikain josiz, izan folklorearen atalean, leuntasunez zein jostari, kantuak eskatzen deutsenari erantzun eta publikoarengana heltzeko aparteko gaitasuna dabela erakutsiz.

Eskertu egin eban saiakerea publikoak, hainbeste, ezen Kutxa Sari Nagusia daborduko esku artean azken txalo zaparradea jasoten egozala, Cabulisek, eskertuta, azken kantu bat eskainiko ebela iragarri eban. Publikoak,  zutunik agurtu eban Rigatik etorritako abesbatza, abeslariak entzule eta entzuleak abeslari bilakatuz,  amaierea Agur Jaunak kantuagaz emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu