AmaHiru konpainiak irabazi dau 2025eko Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria

Bizkaie! 2024-10-31 11:26   Kulturea

Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! izan da beste finalistea.

2025eko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programeak jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria emon deutso Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari. Bigarren saria, barriz, Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! antzezlanak jaso dau.

Beraz, Donostiako AmaHiru konpainiak aurkeztutako komedia izan da aurtengo irabazlea. Iñaki Cid antzerkigile eta aktorearen gidaritzapean, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi batu dira proiektu horren lantaldea osotzeko.

Antzezlanak egiteko eta produziduteko proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko dau eta finalisteak, barriz, 2.000 eurokoa. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinetako eta antzezteko konpromisoa hartuko dabe irabazleek eta finalistek. Bakotxak lau emonaldi egingo ditu eta horreen truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak eta 2.500 euro finalisteak.

Donostia Kultura da atontzailea, Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Alkartearen laguntzinoagaz.

Igogailu batean amaitu zen mundua

Idoia eta Julen igogailu txiki batean topetan dira bakotxak euren aldetik lagun batzuen etxean egindako afari baten ostean. Biek zabor poltsak ditue. Ez dabe alkar ezagutzen baina euren bizitea betirako lotuko da. Bat-batean igogailua geratu eta jausi egiten da. Idoia eta Julen, konortea galdu ondoren, igogailuan esnatuko dira ahots batek berba egiten deutsela. Igogailuen enpresako larrialdi zerbitzuetako langilea da. Berak iragarriko deutse orain dala ordu bi munduan hutsegite masiboa egon dala eta mundua, ezagutzen eben bezela behintzat, amaitu egin dala.

Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du!

Baionako Itzuli konpainiaren eskutik, Maryse Urruty eta Martin Antxiak idatzi eta zuzendutako bakarrizketea izan da aurtengo finalistea. Maryse Urrutyk antzeztuta, Adriene Bergson-Johnson enpresagintza eta garapen personalaren inguruko aholkuak buztartzen dituan fikzinoko personaia da. Adriene 1980ean jaio zan, Austinen, Texasen. Bere outsider jarrereari esker, buruaz, ohiturez edota egoera batzuen zentzunbakokeriez barre egiteko aukerea emoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu