Korrikak lehenengoz neurtu dau zelako inpaktua sortzen dauen ingurumenean
2024-10-31 09:42 Euskerea berbagaiGarraioa izan da, azken Korrikan, isurketa gehienen jatorria: % 69, hain zuzen.
Lander Crespo klima-adituak gaia aztertu dau, ISO 14067 arauari jarraituta eta bizi-ziklo osoa kontuan hartuta eta ondorioa izan da azken Korrikan garraioa izan zala isuriketa gehienen jatorria: % 69, hain zuzen. Holan, garraioaren isuri handienak amaiera-egunean izan iran ziran: % 74, batez be egun horretako desplazamenduek sortua. Ikerketearen helburu nagusia izan da emisinoak murrizteko moduak topetea hurrengo edizinoetarako.
Euskerearen aldeko ekimenik handiena, 1980tik egiten da Euskal Herrian: aurten 23. edizioa egin da, eta, lehen aldiz, kalkulau nahi izan dugu nolako karbono-aztarna sortzen duen gure ekintza jendetsuak, besteak beste haren ingurumen-inpaktuaren barri izateko eta, hurrengo edizinoei begira, isuriak murrizteko aukerak aztertzeko.
Lander Crespo kliman adituak Kalderapeko tabernan aurkeztu dau bere master-amaierako lana; horren arabera, amaiera-ekitaldiak sortu eban isurketa gehien 23. Korrikan, orduan batu zalako jente gehien, izan be, 2024ko Korrikaren karbono-aztarneari buruzko lanak ondorioztatu dau inpaktu negatiboena parte-hartzaileen garraioak eragin ebala, batez be, amaierako ekitaldirako joan-etorriek.
Labur esanda, amaierako ekitaldiak isuri guztien % 55 ekarri eban, garraioak sortu ebalarik kopuru horren % 92.
Ibilgailu pribatuak eta autobusak
Garraio-mota horiek erabili zituan jenteak Korrikaren amaierea ikusten joateko: batez ere, ibilgailu pribatuak eta autobusak; eta horreek izan ziran orduko karbono-isurien arrazoi nagusia. Bidaia luzeak eta milaka parte-hartzaile batu ziranez, amaierako ospakizunak, garraioa zela-eta, eragin handia itxi eban ingurumenean, Korrikaren gainontzeko ekitaldiek baino askoz nabarmenagoa. Hau da, amaierako ekitaldira bertaratzeko mobikortasunak izan eban inpakturik handiena Korrikaren karbono-aztarnan. Bestalde, salmentarako produktuek be —erropea, esaterako— isurien % 19 sortu eben; beraz, isurketen zati handi baten erantzule izan ziran. Beste faktore batzuk ikerketatik kanpo geratu dira: elektrizidadea, azpiegituren muntaketea, ur-konsumoa, Korrika Kulturalen barruko ekitaldiak, webgunearen zein mobikorretarako aplikazinoaren kudeaketea, eta publizidadearen, bideoen eta abestien prestaketea.
Hemendik aurrera isuriak murrizteko, lanak proponiduten dau garraioaren erabilerea optimizetea eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzea. Prozesuak eta datu-batzea hobetzea be gomendatzen da etorkizuneko kalkuluetarako.
Laburbatuz, Korrikak eta antzeko ekitaldi handiek ingurumen-inpaktu nabarmena izaten dabe, ezin ukatu: kalkulu barri horreek, bistan da, lagungarriak izango dira ekintza jasangarriak identifikau eta emisinoak gitxitzeko, izan be, Korrika hainbat balioren inguruan sortu eta garatu da; horreen artean dagoz, zelan ez, ingurumenaren babesa eta haren kontrako jarduerak gitxitzen saiatzea.
Crespok, bide batez, antzeko ekitaldien karbono-arrastoak alderatu ditu. Haren eretxiz, Korrikak besteek baino askoz be partaide gehiago izanik be —miloe bat inguru—, New Yorkeko, Madrilgo eta Sevillako maratoiakaz konparatuta —59.000, 34.000 eta 12.500 parte-hartzaile, hurranez hurran—, beheko postuetan agertzen da kutsatze-mailan.
Atzoko agerraldian Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiak ondoko mezua ekarri dau: izan daitezela euskerearen oihartzuna, hanka nekatuak eta gomuta gozoak Korrikaren aztarna bakarra!. Cresporena kontuan hartuta, daborduko hiru azterketa egin dira Korrikaren tutoretzapean; danak dagoz ikusgai (eta eskuragai) hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!