Traslosherosko aldare taurobolikoa, ikusgai

Bizkaie! 2024-10-30 12:12   Kulturea

Arkeologia Museoaren Museoa aztarnaz aztarna programan.

Traslosherosko aldare taurobolikoa museoko gordailuetatik atara dabe, azterlanak eta konserbazino-lanak egin ostean. Beraz, Arkeologia Museoko bigarren solairura eroan dabe. Obrea, urriaren 30etik 2025eko urtarrilaren 31ra egongo da ikusgai, Bizkaiko Arkeologia Museoaren Museoa aztarnaz aztarna programan.

Aparteko aurkikuntzea

Aldare taurobolikoa 2018. urtearen amaierean topau eben, saneamendu-obra batzuk egiten ebizela, Artzentalesko Traslosheros auzoan. Hareharrizko bloke prismatikoa da; 69 cm garai, 32 cm zabal eta 36 cm sakon eta 200 kg inguruko pisua dauena. Aurrealdean, zezen baten irudia agiri da, koadro apaingarri eta lokarri batez inguratuta. Zezenaren buruak zehetasun bereizgarriak ditu, esaterako maskara edo oihal modukoa arpegiaren ganean, adar garatuak eta belarri asimetrikoak.

Inguruko basozainak topau eban piezea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuari jakinarazo eutson.

Balio historikoa eta kulturala

Bere motako bakarra da Bizkaian eta Erromatar Inperioak Iberiar peninsulako iparraldean egiten zituan erritu erlijiosoen eta praktika kulturalen testigantza arkeologiko garrantzitsua da.

Antzeko piezak topau dira beste eremu batzuetan, esaterako Elexazarren (Amurrio), Nafarroan eta Aragoiko mendebaldean, baina oso ezohikoak dira. Traslosherosko aldarea zezenak sakrifiketako errituetarako aldare taurobolikotzat jo da; erritu horreek garbikuntzeagaz, pizkundeagaz eta emonkortasunagaz lotuta egozan. Ekialdetik heldu zan Erromara eta erromatar erlijinoak atzerriko sinismenak bereganau izanaren erakusgarri da.

Halanda be, ikertzaile batzuek adierazo dabe aldare horreek zezenen estaduetarako idulki bezela balio izan ebela, jainko zehaztubakoen gurtza-errituetan erabilteko. Era berean, piezearen data K.o. III. eta V. mendeen artean kokatu da. Horrek indartu egiten dau erromatar erlijino berantiarrak eskualdean izan eban presentziaren aztarna bezela dauen balioa.

Arkeologia Museoan erakusgai

Aldare taurobolikoa Museoa aztarnaz aztarna programearen esparruan egongo da ikusgai. Ekimen horri esker, erakusgai jarten dira museoaren erakusketa finkoan sartuta ez dagozan pieza bereziak.

Arkeologia Museoak historian eta ondarean interesa daben guztiak konbidadu nahi ditu, pieza bakarra deskubridu eta erromatarren garaiko Bizkaiko erlijino-errituei buruz gehiago jakiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu