Txapelketa bi Tolosako Esneki Azokearen egitarauan
2024-10-30 08:44 KultureaZemendiaren 8an eta 9an izango da.
Esneki Euskal Herriko Gaztai eta Esnekien Azokea zemendiaren 8an eta 9an izango da Tolosan. Tolosako Udalak, Eusko Jauralaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Hazik sustatuta eta Basque Culinary Center, Mantala Basque Gastronomy, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE eta Tolomendiren laguntzinoagaz.
Txapelketa bi izango dira Esneki azokearen egitarauan, zemendiaren 9an goizez: III. Esneki Euskal Herriko Gaztai eta Esnekien Txapelketea Beotibar pelotalekuan eta XV. Frisoi Txapelketea ferialekuan.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan produzidutako gaztai eta esneki mota guztien txapelketea da lehena; bertan, 100 erreferentzia baino gehiago aurkeztuko dira 9 kategoriatan banatuta: gaztai freskoak, laktikoak, pasta bigunak, urdinak, behi gaztai onduak, ardi gaztai onduak, ahuntz gaztai onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizaua. Kategoria bakotxean azpi-kategoria bi bereiziko dira: gaztaigileak berak produzidutako esneagaz eraldatutakoena eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dabenena. Azpi-kategoria horreetako bakotxean puntuazinorik onenekoek jasoko dabe saria.
Epaimahaia elikagaien sektoreko 24 personek osotuko dabe eta esnekien itxurea, ehundurea, saborea eta usaina balorauko ditue. Goizeko 10:00etan hasiko dira eta 13:00ean izango da sari-banaketea. Tarte horretan Beotibar pelotalekua publikoari edegita egongo da.
Aldi berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketea izango da Tolosako Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako abeltzainek hartuko dabe parte. Goizean goiz behiak uleapaindegian zelan prestetan dituen ikusteko aukerea egongo da. Sari banaketea 14:00etan egingo da.
Herritarrei esnekiak hurreratzeko esperientzia gastronomikoa
Euskal Herriko Gaztai eta Esnekien Azokea egingo da Trianguloan. Guztira, 25 postu jarriko dira, bariedade guztietako gaztai eta esnekiak erosteko.
Ganera, aurreko urteetan arrakasta handia izan eban Euskal Herriko Gaztai Mahaia egongo da. Ordu erdiko lau txanda eskainiko dira (10:00etan, 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean), gehienez be 20 personako taldeetan banatuta. Leartikerreko adituek emongo ditue gaztai bakotxaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak hemen eskuratu daitekez, 8 euroan.
Umeendako tailer bi atonduko dira: Errapetik ahorainoko bidea zemendendiaren 8an, barikua, 18:00etan, Ferialekuan (emon izena hemen); eta, zapatu goizean, 11:00etan, San Frantzisko pasealekuko Artxibo Historiakoaren parean eta Frisoi Alkarteak eta Basque Culinary Centerek atonduta: Esnetan jarduerak. Guztira, hiru txanda atonduko dira (11:00, 11:30, 12:00 eta 12:30). Hemen, ez da beharrezkoa aurretik izena emotea.
Euskal Herriko Emakume Gaztagileak liburuaren aurkezpenak osotuko dau egitaraua. Liburu horrek euskal gaztaigintzearen kulturean emakumeek itxitako ondarea berreskuratu eta autortzen ditu, 12 alkarrizketen bitartez. Fernando Hualde idazlea eta Joseba Urretavizcaya argazkilaria dira liburuaren egileak. Zemendiaren 8an 17:00etan egingo da saio edegia, Beotibarren.
Eragileen arteko alkarlana
Esnekiren hirugarren edizinoaren aurkezpenean parte hartu dabe Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendari nagusiak; Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak; Imanol Zubelzu Basque Culinary Center-eko proiektu gastronomikoetako arduradunak; Jon Anakabe, Leartiker Zentro Teknologikoko zuzendari nagusiak; Eneko Dorronsoro eta Larraitz Sasieta Gipuzkoako eta Euskal Herriko Frisoi Alkarteetako ordezkariek; Iker Karrera Tolomendiko kudeatzaileak; baita eskualdeko hainbat esnekigilek be.
Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendari nagusiak hitzordu horren garrantzia azpimarrau dau euskal esne sektorearen ikusgarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko: Esneki Euskadiko gaztai eta esneki mota guztiak ezagutarazoteko eta sustatzeko aparteko garrantzia hartzen dan lekua, euskal konsumitzaileei eta bisitariei begira. Holako ekintzak oso garrantzitsuak dira produktoreentzat eta nekazaritzako elikagaien industriarako.
Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko zinegotziak be eskaintzearen aniztasuna azpimarrau dau: Euskal Herriko esnekien sektorea anitza da eta Esneki lako plazak aukerea dira eskaintza zabal hori ezagutarazoteko eta konsumo ohituretan eragiteko. Lehen sektorea sustatu ez ezik, produktoreak sartzeko be aukerea emoten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!