Barrikuntza ugari X. Seriesland Jaialdian
2024-10-30 08:00 ZinemeaZemendiaren 5etik 10era arte izango da, batez be, Bilborocken.
Bizkaiko Foru Aldundiak, BEAZek eta Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-soziedadearen bitartez babesten daben Seriesland – Bilbao International Digital Festival Jaialdiaren hamargarren edizinoak 20 herrialdetako ehun proiektu digital baino gehiago hartuko ditu zemendiaren 5etik 10era. Proiektu horreek, sei sailetan dagoz banatuta eta hogeita hamar sari jasoteko aukerea izango dabe, horreen artean Showrunner Onena eta Euskal Serierik Onena. Aurton, ganera, talentu gazteei laguntzeko Pilotuak kategoria sortu dabe.
Serieslandek ekitaldiz betetako programazinoa eskainiko dau. Alde batetik, debaldeko jarduerak, proiekzinoak eta hitzaldiak; eta, bestetik, topaketa profesionalak, pitching-a, speedmeeting-ak eta sormen-sektoreetan teknologia eta AA sartzeari buruzko foroa. Betiko lez, proiekzino gehienak Bilborocken izango dira eta amaiera Guggenheim Bilbao Museoan, zemendiaren 8an.
Hogeita hamar bat herrialdetako 150 proiektu digital baino gehiago jaso ditu aurtengo edizinoak: serie laburrak, podcastak, pilotuak, showak, dokumentalak eta trailerrak. Emaitza, jaialdiaren astean zehar aurkeztuko diran eta lehiaketean parte hartuko daben sekzino guztien artean ehun bat proposamen digitaleko azken aukeraketa heterogeneoa eta multikulturala da.
Jaialdiaren programazino osoa ondoko honeek aurkeztu dabe: Rose of Dolls, Seriesland – Bilbao International Digital Festibaleko zuzendaria, Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia, Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusia eta Olatz Goitia, BEAZeko Zuzendari Nagusia.
Seriesland – Bilbao International Digital Festival jaialdiak, zirkuitu komertzialetatik eta plataforma handietatik kanpo dagozen sortzaile gazteen azken lanak Bilbon erakusteko konpromisoari jarraituko deutso. Halanda ze, eduki barritzaileak eta kalidadezkoak ikusteko aukerea izango da.
Jaialdiak nazinoarteko epaimahaia izango dau, halanda ze, 13 personak osotuko dabe, horreetatik 10 emakumeak: Mariia Eliseva, kultur gidoilaria eta kudeatzailea, web serieen eta iraupen luzeko serieen sortzailea eta film laburren programearen koordinatzailea Mayak Zinemaldian; Silvia Constantinescu, zinema zuzendaria eta HBO Originaleko sormen-produkzino ohia eta produktore-zuzendari independentea; eta Bryan Thompson, Miami Web Fest-eko zuzendaria, gidoilaria eta film produktorea Imani Films eta Maverick Entertainmentegaz batera; Maria Cruickshank aktore eta aurkezleak; Marina Ostolaza aktore eta eduki-sortzaileak; edota Azul Tejerina kazetari eta aurkezleak.
Euskal atala
Aurton, sei euskal produkzino lehiatuko dira sail ofizialean. Saridunek, ordaindutako bidaia eta plazea izango dabe Alemaniako Die Seriale jaialdiko selekzino ofizialean. Horreen artean dagoz animazioko Chuminadas animadas seriea, Wild China, Explorando el Norte eta Ardi Beltzak (Primeran, EiTB) dokumentalak, EiTB Mediak Makusi ume eta gazteentzako euskerako plataforma digital barrirako produzidutako Power Up fikzinoko seriea eta Black Harbour proiektu barritzaile eta interaktiboa.
Kontuak kontu, Euskal atala zemendiaren 6ko arratsaldean proiektauko da. Egileei eta protagonistei egindako alkarrizketa laburrak be izango dira.
Pilotu Lehiaketea
Aurtongo edizinoak, Pilotu kategoria barria izango dau, serie-fikzinoaren munduan hasten diranei laguntzinoa emoteko. Ganera, gizarte arloko hainbat sari gehitu dira, ikus-entzunezkoak aldaketa-eragile edo eztabaida-sortzaile bezela dauen funzinoa nabarmentzeko. Halanda ze, Aldaketa soziala, Aniztasuna eta Emakume sortzailea saria sortu da.
Basqueguna
Zemendiaren 8ko goizean jardunaldia atondu da Getxon, Biscaytik eraikinean. Euskal Herriko eta nazinoarteko produktoreentzat diseinautako ekitaldia da, euskal sorkuntza-industria bultzatzen daben personekaz. Getxoko Udalagaz eta Eiken erakundeagaz lankidetzean atonduta. Besteak beste, Manuel Balsera, telebista-estrategiaren aholkularia eta Felipe Jiménez Luna Banijai Iberiako zuzendaria izango dira.
Itxiera ekitaldia zemendiaren 9an izango da, Guggenheim Bilbao Museoan, 20:00etatik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!