Irati Bilbaok 'Bloom' aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-10-29 07:55   Musikea

Durangarraren bigarren diskoa da. 


Bloome. Erretratua: Pablo Bueno.

Lau urteko itxaronaldi luzearen ondoren, Irati Bilbaok bakarkako Bloom aurkeztu deusku, bere aurreko lanak sortutako itxaropena gainditzen dauen emoitzea. Proposamen heldu eta personalagoa da, bere bilakaera artistikoa erakusten dauena.

Durangarrak Mikel Nuñezen laguntzea izan dau pianoan, Fran Serranorena kontrabaxuan, Aitor Bravorena baterian. Eta barrikuntza lez, Alvaro Zarzuela tronboian eta haize konponketan, Xabier Arriola fliskornoan eta tronpetan eta Haizea Martiartu saxofoian. Lehen mailako musikariak danak, produkzinoari eta sonoridadeari jagokenez dimensino berezia emoten deutsona diskoari.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca Recording Studioan Mikel Ezeizaren eskutik grabau, nahastau eta masterizauta, Bloomek erakusten deuskuz Irati Bilbaoren ahots gaitasuna eta bere konposizinorako talentua, egia esan oso ohikoa ez dana abeslari handiei buruz berba egiten dugunean.

Bloom jazz klasikoaren eremuetatik maisutasunez dabilen artista baten jazkera eta bilakaerea da, elementuak eta eraginak gehituz. Iratik berak sinatutako The Tree edo Bloom lako abestiak jazz garaikidean zehar darabiz, I fall in Love too Easily lako klasikoagaz edo Marta Valdesen Hacia dónde? bolero ederragaz liluratzeko. Iratik intimidadeari idazten deutso edo Devil may Care standarraren birsorkuntzeagaz inprobisazino klabean gozetako gonbita egiten deusku. Bikain jorratzen dau Places, Bilbaok idatzitako beste abestietako bat; eta lan honi amaiera emoten deutso Mendian Gora kantuagaz, jatorriz Imanol Larzabal abeslari eta konpositoreak eta Xabier Amuriza idazle eta poeteak idatzitako konposizinoa.

Irati Bilbaoren tankerako figura baten inguruan sortutako edozein zaleren itxaropenak beteko dituan lana da Bloom: jazz klasikoa eta musika originala, sentimenduz eta teknikaz erdibana horniduta, arimea soinuagaz lotzen eta arte bihurtzen dauen hats zintzoa (Errabal 2024).

Kontzertuetako errepertorioa batez be Bloom diskoko kantuetan oinarritzen da baina Begin (ErrabalJazz 2020) izeneko lehen diskoko zenbait kantu be jorratzen dira. Abesti propio zein klasikoek osotzen dabe jazz ikuskizuna, konposaketa eta mimon handiz jagondako moldaketen bitartez kontzertu personal eta bakana eskainiz.

Urte honeetan guztietaan makinatxu bat lekutan ibilitakoak dira, besteak beste, Getxoko Jazzaldia, Hondarribiko Jazzaldia, Gasteizko Jazz Vital, Goierriko Jazzaldia, Agorrijazz, Lugoko Jazz Jaialdia, Cordobako Jazz Jaialdia, Club Clavicémbalo, Jazz Filloa, Malagako Clarence Jazz Club edo Terrassako, Nova Jazz Cava.

Kontzertuak

  • 2024ko zemendiak 21, Barakaldoko Barakaldo Antzokian, 20:00etan.
  • 2024ko zemendiak 22, Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean, 19:00retan.
  • 2024ko abenduak 14, Gijóneko Meidinerz Jazz Clubean, gaueko 22:00etan.
  • 2025eko zezeilak 15, Bilboko BBK Aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu