'Atzespe' martxan dator, Esperantzan arte eszenikoak sustatzeko proiektua
2024-10-28 12:29 KultureaBilboko Udalaren eta Dantzertiren arteko lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan.
Bilboko Udalak Antzespe jarri dau martxan, arte eszenikoak sustatzeko proiektua, Esperantzako udal-ekipamenduan umeeentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko programazinoan txertatuko dana. Antzespe Bilboko Udalaren eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolearen arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.
Antzerkia eta jantzea –arte eszenikoak oro har– estrategia hezitzaile, ludiko, barritzaile, zeharkako eta diziplina anitzekoak dira. Irudimena, sormena, gaitasun kritikoa, komunikazino-trebetasunak eta enpatia sustatzen ditue; ingurune seguru batean emozinoak esplorau eta adierazoteko aukerea emon eta bestelako gaitasunen ikaskuntzea indartzen laguntzen dabe, besteak beste, irakurriaren ulermena edo teknologia. Udalak proiektua Esperantzan sartu dau, espazio horretan jorratzen dabizen lan-arloetako batean: Gorputza-El cuerpo y las emociones.
Proiektua ezin egokiagoa da Esperantzarako. Gertuko gizarte eta hezkuntza-proiektua da, umeen nerabeen garapen integralerako eta autonomiarako lagungarria, euskerea eta trebetasun personalak eta sozialak bultzatzen ditu, eta balio eta ohitura osasungarriak sustatzen ditu. Programen eta barrikuntzaren laborategi bat da aisialdi sozioedukatiboaren arloan.
Zemendiaren 8an eta 9an, 2025eko bagilera arte, ikastaro bi egingo dira bertan. Lehenengoa, Kideguneren erabiltzaileei zuzendua (9-11 urte) eta bestea, 12-17 urte bitarteko gazteentzat. Azken hori zapatuetan izango da, 11:00etatik 13:00era eta izena emoteko epea urriaren 28an hasiko da, plazak agortu arte (15 gazterentzako lekua dago). Interesdunek GazteKLUBA Txartela euki behar dabe. Izena emoteko, mezu elektroniko bat bialdu behar dabe esperantza@bilbao.eus helbidera.
Ikastaroak euskeraz izango dira eta Arnatz Puertasek eta Luix Mitxelenak emongo ditue, Dantzertin ikasi daben profesional gazte bi. Ikastaro horreen helburuen artean dagoz sormena sustatzea, konfidantzea garatzea, gorputz eta ahots-komunikazinoa hobetzea, talde-lana bultzatzea eta enpatia sustatzea. Horrezaz gan, arte eszenikoak barrutik ezagutarazoko dira, jarduera osogarriakaz: jantzien diseinua, eszenografia, argiztapena eta bestelakoak. Ikastaro bakotxa parte-hartzaileek egindako azken pieza bategaz amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!