Kerry Kennedyk Gernikako Batzarretxea bisitau dau

Bizkaie! 2024-10-28 07:41   Kulturea

Human Rights Fundazinoko presidentea Euskadin da, euskal erakundeakaz hartu-emonak estutzeko.

Giza eskubideen aldeko aktibistea eta idazle amerikarra Euskal Herrian egotearen helburu Nagusia nazinoarteko erakundearen eta euskal erakundeen arteko etenbako lankidetzearen oinarriak sendotzea da. Giza eskubideen defendatzaileari Ana Otadui Biteri Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta Idoia Buruaga Barcena Mahaiko Bigarren Buruordeak egin deutse harrerea.

Euskal erakundeakaz izandako topaketeak –Kennedy Bilboko udaletxean eta Bizkaiko Foru Aldundian izan da– Bizkaiko lurraldeak giza eskubideakaz eta justicia sozialagaz konprometidutako leku lez dauen garrantzia indartzen dau. Kennedyk berbaldia emon dau Deustuko Unibersidadean. Bertan, bera buru dan fundazinoak egiten dauen lanaz egin dau berba, besteak beste, gobernuei giza eskubideen urraketa larri eta sistematikoen aurrean erantzukizunak eskatzea.

Mujer Siglo XXI alkarteak babestuta, Robert F. Kennedy senatari estadubatuar ezagunaren alabea eta aktibista amerikarrak, bakearen eta askatasunaren sinboloa dan Gernikako Batzarretxea bisitau dau. Kennedy Maria Diaz de la Cebosa Espainiako RFKko presidenteagaz etorri da.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko egoitzan, taldeak Gernikako Arbolearen historiari eta Batzar Nagusien gaur egungo egitekoei buruzko azalpenak jaso ditu. Bisitarien taldea Aldundiaren egoitzetatik ibili da, osokoen aretotik, beiratearen gelatik edo liburutegitik, besteak beste. Amaitzeko, buruaren bulegoan, Kennedyk bere presentziaren lekukotzea itxi dau, Batzar Nagusietako Sinadura Liburuan sinatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu