Bortzirietako 'Hor gu!' taldea nagusitu da 2024ko Bardoen finalean

Bizkaie! 2024-10-28 07:45   Bertsolaritzea

Garesko Zamariain Pelotalekuan jokatu da 2024ko Bardoen finala.

Bortzirietako 'Hor gu!' taldea, 2024ko Bardoak Sariketea irabazi dauena. | Ikusi handiago | Argazki originala



Irailaren 13an ekin eutsen2024ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoari, 13 talde eta 92 parte-hartzailegaz. 22 saioren ostean, asegoienean jokatu da finala, Garesko Zamariain pelotalekuan. Ia 100 entzule izan dira saioa bertatik bertara jarraitzen, giro ederrean. Taula gainean, hiru talde: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak. Danetara, hamaika bertsolari izan dira kantuan eta talde bakotxeko kide banak bete ditu gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 5 lagunen eta Bardoetan parte hartu daben talde bakotxeko kide banaren puntuak zenbatuta, Bortzirietako Hor gu! taldea izentau dabe 2024ko Bardoetako txapeldun.

Euskal produktuakaz osotutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu dabe hiru talde finalistek. Irabazleak, gainera, Scape Room bat egiteko txartela jaso dabe.

Hasierako agurrakaz hasi da Saioa: umorea lagun, aurkezpenerako erabili dabe taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandeari heldu deutse. Zortziko handian, Osasunako ikuskatzaileek fitxau eta herriko taldea alboratu dauen umearen gurasoen zereginean ibili dira Irati Majuelo eta Iban Garro. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Kattin Madariaga izan dira dira: gau beltza dala eta Untxalo enpresako nagusiak langileak mozorrotuteko mezua bialdu arren, Kattin normal-normal joan da lanera. Seiko motzean ibili dira gero Maddi Ane Txoperena eta Urko Gartzia, antzerki talde bereko aktoreak, zuzendariak biak agertzen diran ikuskizunaren zati bat biluzik egiteko proposamena jasota.

Hiruna punturi erantzun deutse gero Iban Garro, Irati Majuelo eta Estitxu Arozenak. Ondoren, hurranez hurran, espartinei, VHS zinteari eta sukaldeko mantalari bertso bana kantau deutse Urko Gartziak, Alazne Untxalok eta Maddi Ane Txoperenak. Horren ostean kopletan ibili dira Julen Zelaieta, Malen Alzuart eta Ekhiñe Zapiain. Graduazinoko jaira dotore jantzita joateko erropa bila dendan sartu barri diran unibersidadeko hiru lagunen roletik.

Bat, bi, hiru ariketan binaka ibili dira Julen Zelaieta eta Iban Garro ETBko aurkezle euskaldunak zerrendatu guran, Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien egunkarien izenen bila eta Estitxu Arozena eta Maddi Ane Txoperena hazurra daben frutak aitatzen.

Bakarka Amaia Elizagoienek, Kattin Madariagak eta Urko Gartziak kantau dabe. Lehenak sukaldeko pisua gorde eta lasai bizitea erabagi dau. Bigarrenak zapatu gaua izan arren, aspaldiko partez, etxean goxo geratzea erabagi dau. Hirugarrenak, barriz, gustuko kirola barriro egingo ez dauela erabagi eta pozik dabil.

Hirukako ofizioan, igogailuan ez gora ez behera geratu diran bizilagunen papelean kantau dabe Julen Zelaietak, Amaia Elizagoienek eta Ekhiñe Zapiainek.

Puntukako ariketeak emon deutso amaierea saio puntuagarriari. Bortziriak-Baztango taldeko kideek alkarregaz bingo batera joatea erabagi dabe; Baztangoek, aldiz, rafting-a aukeratu dabe. Bortzirietako taldeak, lehenengoz sartu dira txosna batean txanda egitera.

Ariketa puntuagarri guztiak amaituta eta Bardoetan parte hartu daben beste hainbat talde saritu ostean, jakinarazi dabe talde irabazlearen izena. Orduan izentau dabe Bortzirietako Hor gu! taldea 2024ko Bardoetako txapeldun. Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko, Nafarroako Bertsozale Alkarteko eta 2024ko Bardoak egitasmoko lan-taldeko hainbat ordezkarik banatu ditue sariak. Horreen ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrakaz amaitu da saioa, bertso-poteoari eta sagardaotegi afariari bide emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu