Bilboko desindustrializazinoa jorratuko da urriaren 28an eta 29an, 'Ez itxi. No al cierre' jardunaldietan
2024-10-25 10:39 KultureaBilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean, 19:00retan hasiko dira.
Astelehenean, hilak 28, Roberto Moso kazetariak eta Susana Serrano historialariak egingo dabe berba desindustralizazioari buruz eta garaiko musika eszenan izandako eraginari buruz.
Martitzenean, urriak 29, Larraitz Zuazo zuzendari bilbotarrak Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren proiekzinoa aurkeztuko dau.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak eta Bilbao Izanek atondutakoak dira jardunaldiak Bilboko historia, ondarea eta kultur ondarea zabaltzeko eta balioesteko.
- Lehenengo egunean, Roberto Moso kazetari eta musikariak Susana Serrano historialariagaz berba egingo dau Bilbon eragin erabagigarria izan eban fenomeno horri buruz eta garai haretako musika-eszenan izan eban eragina azpimarratuko dau.
Barriketaldian, parte-hartzaileek modu atsegin eta zehatzean aztertuko ditue desindustrializazinoaren kakoak eta zelan garatu zan Bilbon eta bere inguru hurbilean. Prozesu honek uribilduaren errealidade ekonomiko eta soziala aldatu eben eraldaketa zorrotzak ekarri zituan, bertako paisajeari be eraginez eta urte hareetako eta ondorengo belaunaldietako bilbotar eta bilbotarren bizitzan eragin handia izanez.
Desindustrializazinoaren eragin sozialari jagokonez, Roberto Mosok, Zaramako kide ohiak, prozesu horrek musikearen munduan izan eban eraginaren testigantzea emongo dau, baita Euskal Rock Erradikala deiturikoan sortutako musika talde garrantzitsuenetako baten sorrereari eragingo eutson testuingurua zelakoa izan zan be.
Susana Serrano, barriz, Euskal Herriko Unibersidadeko Historia Garaikideko irakasle titularra da eta Euskal Unibersidade Sistemako Historia urbana. Población y Patrimonio ikerketa-taldearen CO IPa. Roberto Moso kazetaria, musikaria eta idazlea da eta Puto Boomer bere bosgarren liburua argitaratu barri dau. Radio Euskadin eta ETBn lan egin dau eta prentsa idatziko hainbat hedabidetan kolaborau du. Zarama musika-taldeko kide ohia.
- Martitzenean, urriaren 29an, Bidebarrietako Liburutegiak Larraitz Zuazo zuzendariaren Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala eskainiko dabe, zuzendaria bertan dala. ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak produzidu eta Zinemaldiaren 2016ko edizinoan estreinau eben.
65 minutuko dokumentala da, 80ko hamarkadako amaieran fabrikearen eta lanpostuaren alde langileen burrukan hasi ziran emakumeen ikuspuntua erabilten dau narrazino-ardatz legez. Horretarako, 1983 eta 1988 artean Bilbon Euskalduna ontziolak zarratzea ebitetako burrukearen memoria berreregiteari ekin eutson, 1984an greban egozan langileen alde eratutako Euskaldunako Emakumeen Asanbladan (AME) parte hartu eben emakumeen testigantzatik abiatuta. Bai lankideek, bai langileen amek eta alabek mobilizazino bat izan eben enpresearen jarraipenaren alde, momentu horretan 2.500 langile baino gehiago baitzituan.
Emakumeak protagonista zituan jarduerea 1984ko udagoienean gorpuztu eta abenduaren 1ean 24 orduko itxialdia egin zan lantegian bertan. Protesta eta mobilizazinoen helburua lortu ez baeben be, emakume horreek langileen burrukan zuzenean parte hartzeak agirian itxi eban bertatik sortzen diran kontzientzia hartzea eta ahalduntzea, baita ingurune herrikoi eta gehienbat maskulino batean be.
Larraitz Zuazo zuzendari eta gidoilari bilbotarra da, ia hogei urteko ibilbidea dauena eta zinema dokumentalari lotuta egon da beti. 2004an bere lehen film-lana zuzendu eban, Por, eta hainbat proiektutan parte hartu dau errealizadore eta muntatzaile legez: Órdago a la Pequeña (2016), Itsasoari Begira (2015), Distantziak (2015), Errautsak (2014), Lantanda (2014), Nuptse eta Logtse, gailurretik haratago (2014) eta Donostiako emakume idazleen topaketak, 25. urteurrena (2012). Gainera, 163 días Etxebarriko banda-greba historikoari buruzko dokumentalak zuzendu ditu eta Itoiz Udako Sesioak, euskal musika-banda mitikoaren ibilbideari buruzkoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!