IV. Euskaraldia ulertu, ikusi eta biziteko modua aldatzeko erronkeagaz dator

Bizkaie! 2024-10-25 08:40   Euskerea berbagai

Iruñean aurkeztu dabe udabarrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo dan Euskaraldia.

Laugarrenaren ezaugarri nagusiak ezagutu ditue gerturatu diran erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek: euskerearen erabileran eragiteko daukagun tresnea, bide eta modu masiboena da Euskaraldia, holan definidu dau Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok ariketea bera, izan be, emondako datuen arabera, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noiz edo noiz parte hartutakoak. Gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa dauen eraginkortasuna nahikoa frogatuta geratu da edizinoz edizino egindako ikerketetan. Halan da be, atontzaileek nabarmendu dabe Euskaraldiak be badituala bere mugak: Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskerearen erabilerea biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa. Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta biziteko modua aldatzea proponidu dabe atontzaileek: reset egitea, berrabiarazotea, izan be, azken edizinoaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrakaz batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak barrikuntzea behar dauela, herritarrakaz, barriro be, ilusinoa masiboki piztuko badau. Bada, atontzaileek ausardiaz eta gogoz heldu deutse erronkeari.
 
Euskaraldia gaindituko dauen Euskaraldia gura dogu. Eta ez Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen dan ariketa soziala izaterik. Nazino mailan, euskararen lurralde osoan, eta danok batera egiten dogun dinamikea, denporan eta gizartean

Euskerearen erabilerea aktibetzako mobimentua sortu nahi dabe, kaleko euskalgintzea, euskaldun eta euskaltzaleak mobiduarazo, hain zuzen be, Euskal Herri osoan euskerearen erabilerea aktibetako prest dagoan jentea batu, trebatu eta dinamika soziala indartu nahi dabe. Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak eta horretarako tresna barri bat dabe eskura: Euskera aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko honek mobimentua sortzeko, osotzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak atontzeko hainbat gako emoten ditu; herritarren aktibazinorako moduak proponiduten ditu. 

Euskaraldia: alkar mobiduz egingo dogu

Goiburuak aktibazinoari, mobimentuari, emozinoei eta batak bestearengan dogun eraginari egiten deutse erreferentzia: euskeraz berba eginez, batak bestea mobidu egiten dau eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz, azpimarratu dau Urkijok. Euskaraldiko koordinatzailearen eretxiz, lehen berbea euskaraz eginda, edo ahal dan guztietan euskerea erabilita, mobidu egiten ditugu berbalagunak eta jentartea bera. Interakzino bakotxak euskerearen erabilerea handitzen dau eta milaka eta milaka personek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da, baina jarrerak bakarrik ez, emozinoak be mobiduten ditu Euskaraldiak, sakontasun emozional kolektiboa dau. Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskerearen aldeko urratsa egiten dabe, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusinoa pizten dau eta badau epikatik be, mundo osoan ez baita egin holako ariketa sozial masiborik, nabarmendu dau Urkijok.

Euskaraldia jai bat ez dan arren, ariketa gozamenetik be egin daitekeela azpimarratu dabe atontzaileek, euskeraz biziteko gogoz dagoan komunidade bat garela sentiduz eta ospatuz: emozinoek eta umore onak eroangarriagoa egingo dabe estres linguistikoa. Norbere buruari erronka zehatz egingarriak ezartzea, eta alkar mobiduz, ariketaz gozetea da aurten proposamena. Mezu hori islatzen dau Euskaraldiaren iruditeria barriak be, euskarrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mobiduten dagoz: berba egiten, alkarri eragiten, alkar emozionetan eta, zelan ez, alkar mobiduten ikusten dira. Marko bizi, organiko, koloretsu, fresko, alai eta pop(ular) batean kokatu da Euskaraldia. 

Barritasunak barritasun, Euskaraldiaren oinarriari eutsi egingo jako, eraginkorra baita: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dabe, izena emon, eta 11 egunez, jagoken txapea jantzita egingo dabe ariketea. Atontzaileek txapearen erabilerearen indarra nabarmendu dabe, txapak ahalbidetzen baitau ariketea bera. Norberaren hizkuntza-portaerea zein izango dan adierazoten dau, hau da, noiz eta nogaz egingo dogun euskeraz, eta batez be, ingurukoei mezu argia bialtzen deutse: nigaz egizu euskeraz, lasai

Holna, Euskaraldiak gizarteratu eta arau social bihurtu nahi dituen hizkuntza portaerak jorratuko ditu: lehen berbea euskeraz egitea euskeraz ulertzen dabenakaz, euskeari eustea (alkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskeraz egitea.

Kontuak kontu, gaurtik aurrera, erakundeek be Euskaraldian izena emoteko aukerea izango dabe www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txandea, barriz, martian izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezela izena emoteko aukerea.

Euskaraldiaren antolaketearen oinarrietako bat elkarlana izango da

Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijogaz batera, ekimenaren Koordinazio Mahaia osotzen daben erakundeetako ordezkariek parte hartu dabe: Euskaltzaleen Topaguneko buru Irati Iciar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea eta Euskerearen Erakunde Publikoko buru Maider Behoteguy.
 
Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak ariketearen xehetasunak azaltzeagaz batera, Euskaraldia behar-beharrezkoa dala esan du eta hainbat argudio zerrendatu ditu, besteak beste, euskeraren erabilera erdigunean jarteko gaitasuna; kontzientzia linguistikoa pizteko baliogarria izatea; hizkuntza ohiturak auzitan jarteko ahalmena; euskerearen aldeko kanpaina izakerea gainditzea; eta euskaldun aktiboak ahalduntzen eta euskaldun pasiboak prestigiatzen eta
motibetan laguntzea.  

Ariketearen baliogarritasunagaz bat etorri da Maider Behoteguy. Euskerearen Erakunde Publikoko burua euskerea ikasten dabil eta belarriprest hasibarri ibiliko dala azaldu dau: zuen aurrean naz, euskerearen aktibazinoan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi legez. Behoteguyk euskeraz lasai egiteko gune eta uneen garrantziaz egin dau berba eta testuinguru horretan kokatu dau ariketa aurkeztu barria.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko buruorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilariak ondokoa nabarmendu dau: egitasmo handi honen bihotzari, alkarlanari errepaau behar deutsagu. Edizinoz-edizino errotuz joan da, eta esan daiteke aro barri bati hasierea emon jakola. Danek parte hartzen dabe, danok parte hartzen dogu. Erakutsi dogu, dikotomietatik harago, bata ala bestea baino, biak dirala garrantzitsuak, batez be, lankidetza horren ondorioz sortzen danak gizarteari bikotxa eskaintzen deutsolako, azaldu du.

Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, barriz, azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoen eskutik emondako aurrerapausuak balioan jarri ditu: euskerearen erabilera sozialean saltoa emoten jakin behar dogu, lanean jarraitu lan munduan eta aisialdian euskeraz ibilteko, baita euskereagaz loturarik ez dabenak euskerara hurreratzeko be; euskereak danok behar gaitu eta Euskaraldia aukera aparta izango da helburu horri bultzadea emoteko.

Azkenik, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko buruak honakoa zehaztu dau: euskereak nazino mailako ekimen masiboak behar ditu, danok batzen eta mobiduten gaituenak, baina horregaz batera, euskereak gizarte mobimentu indartsu bat behar dau. Egiteko molde barri batzuei bide emongo deutsen mobimentu bat nahi dogu. Herrigintzatik eta komunidadegintzatik euskerearen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko moduak berrasmau nahi ditugu, eta ahalegin horretan kokatzen dogu Euskaraldiaren 4. edizinoa, azaldu du Iciarrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu