'Blue' dokumentala Bilbon emongo da Klima Aldaketaren Kontrako Nazinoarteko Egunean
2024-10-24 09:26 ZinemeaDokumentala urriaren 24an proiektauko da La Perreran, 19:00retan.
Bilbok kontzientzia hartzea erabagi dau Klima Aldaketearen Kontrako Nazinoarteko Egunean, urriaren 24an, Blue dokumentala erakutsiz. Madman Films-en film luze bat da, krisi klimatikoak ozeanoen bizitzan dituan ondorioak jorratzen dituana. Lan hau BBK Klima Zikloaren programazioaren parte da eta Bilbora heldu da, Herriz Herri 2024 programazinoaren barruan. Ekimen hori BBKk bultzatu dau, Bizkaiko udaletan gizarte-eragin positiboa daben ekintzak sustatzeko. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Azken 40 urteetan itsas-bizitearen erdia galdu da eta 2050ean plastiko gehiago egongo da itsasoan arrainak baino. Blue filmeko protagonistak habitat horren konserbazinoaren alde sutsu burrun dabizen personak dira eta herritarrei gogorarazoten deutse orain dala jarduteko momentua.
Bilbon eta bizkaiko beste 22 udalerrietan proiektauko da dokumentala aste honetan zehar.
BBK Klima Zikloa klima-aldaketeari buruzko dokumentalen eta berbaldien ziklo bat da eta klima-krisia ikuspegi global batetik ulertzeko ezinbesteko piezak batzen ditu. Programea BBK Klimaren barruan sortu zan eta orain, Herriz Herri ekimenaren bitartez, bere pieza enblematikoenetako batzuk erakusten ditu Bizkaiko 26 herritan.
Lehenengo edizinoan izandako erantzun bikainaren ostean, Herriz Herri proiektua barriro jarri dau martxan BBKk. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara heltzea da gizarte-eragin positiboa daben proiektuak alkarregaz lantzeko, aukera-bardintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatu deiezan 2030 Agendeagaz eta GJHegaz bat etorriz. Bizkaiko 52 udalerrik egin dabe bat ekimenagaz.
Kontuak kontu, proiektu honegaz, BBKk bizkaitarren kohesinoagaz eta ongizateagaz dauen konpromisoa erakutsi eta katalogo barritua aurkezten dau. Katalogo horretan, BBK Klima Zikloaz gan, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatzeko ekimenak jasoten dira, besteak beste, gazteei zuzendutako proposamenak kolektibo hori motibau eta bardintasuna eta tratu ona bultzatzeko; emakumeari, inklusinoari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunidadeak; edo klima-aldaketeari buruz kontzientzietako zikloa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!