Zinemira saria eroango dau Jose Ramon Soroizek

Bizkaie! 2026-09-02 09:57   Zinemea

Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA produkzino-alkarteak emoten daben ohorezko saria da.

Euskal zinemagintzearen arloko persona ospetsu baten ibilbidea autortzen dau. Orain arte, Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramon Agirre (2018), José María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020), Kimuak programea (2021), Txema Areizaga (2022), Paco Sagarzazu (2023), Elena Irureta (2024) eta Telmo Esnal eta Asier Altunak (2025) jaso dabe. Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk Jose Ramon Soroiz aktorea omenduko dabe Victoria Eugenia Antzokian irailaren 22an egingo dan Euskal Zinemearen Gala Handian.

Jose Ramon Soroiz (Legorreta, 1951)

Euskal antzezpenaren arpegi ezagunenetakoa eta errespetatuenetakoa da. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Euskal Herriko zinemearen, antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen bilakaerearen lekuko eta protagonista izan da.

Haren ibilbidea zinemako pantaileari eta telebisteari estu lotuta dagoan arren, Soroiz oholtzaren gainean sentidu da beti erosoen. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, Euskal Herriko arte eszenikoen profesionalizazinoan aurrendari izan ziran hainbat antzerki-konpainiatan jardun eban eta gaur egun be antzerkian dabil bere ibilbide artistikoaren ardatzetako bat izaten jarraitzen dauen diziplinan.

Telebistak egin eban ezagun herritar askorentzat, bere ibilbideak hartu-emon estua izan baitau ETBren sorrereagaz eta garapenagaz. Euskal kate publikoaren produkzino esanguratsuenetako batzuetan parte hartu eban: Bi eta Bat, Joselontxorena eginez; Jaun ta Jabe, Joxean Arizkorreta lehendakariaren rolean; eta Martin, Martin Manterola personaiari bizia emonez. Hainbat belaunaldiren ikus-entzunezko iruditeria osotzen lagundu daben serie horreez gan, Azken urteotan be ETBko fikzinoan jarraitu dau, Irabazi arte! eta Altsasu lako sailetan parte hartuz. Horrezaz gan, Patria (2020) seriean Txato Lertxundi enpresaburuaren rola interpretau eban eta lan horrek Euskal Herritik kanpo be ikusgarritasun handiagoa emon eutson.

Zineman, laurogeita hamarreko hamarkadearen hasieran euskerazko zinemagintzeak bizi izandako loraldiaren parte izan zan, Offeko maitasuna (Koldo Izagirre, 1992) eta Maité (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, Made in Spain, 1994) filmetan parte hartuz. Julio Medemen Vacas (1992) filmak, ostera, proiekzino handiagoa emon eutson, euskal zinema barriaren mugarrietako batean parte hartuz. Azken urteotako euskerazko zinemearen berpizkundearen protagonista be izan da, besteak beste, Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2014), Amama (Asier Altuna, Sail Ofizala, 2015) eta Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2025) filmetan egindako lanari esker.

Euskal Herrian aspalditik erreferentziazko aktorea bazan be, Maspalomas filmak bere ibilbideari nazinoarteko oihartzuna eta mugez gaindiko autortzea ekarri deutsoz; lan horri esker Donostia Zinemaldiko Aktore onenaren Zidarrezko Maskorra eta Goya saria eskuratu zituan, azken hori irabazi dauen lehen euskal aktorea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu