'Santa Zeta' Basaurin estreinauko da hilaren 12an
2026-09-08 10:49 ZinemeaNazinoartean egindako ibilbidearen ondoren.
Jordi Monedero basauriarrak produzidu eta Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako filma irailaren 12an, arratsaldeko 19:00retan, proiektauko da Social Antzokian.
Santa Zeta film luze independentea AEBetan, Mexikon, Hego Korean, Erresuma Batuan, Hegoafrikan, Australian, Herbehereetan zein Espainiako zinema-jaialdietan barrena egindako ibilbidearen ondoren dator etxera.
Filma arratsaldeko 19:00retan proiektauko da eta Basaurin sortutako produkzino baten etxerako bueltea izango da. Egitura independentea da, talde txiki batek lan egin dauelarik, filmak nazinoarteko ibilbidea egitea lortu dau.
ManodeSanto ekoizpen-etxea produziduta, Santa Zeta Seul, Los Angeles, San Diego, Madril eta Bilboko hainbat kokalekutan filmau eben. Filma Slamdance Film Festival jaialdian aukeratu eta Hollywooden proiektau eben, Breakouts sailean. Ondoren, bere ibilbideari ekin eutson zinema fantastikoan, thrillerrean eta bildurrezko zineman espezializautako jaialdietan, bai eta giza eskubideakaz lotutako hainbat ekitalditan be.
Kontuak kontu, filmaren hautaketea eta sarien artean nabarmentzekoak dira Macabro, Mexiko Hirian; Donostiako Zinemaldi Fantastiko eta Bildurrezkoaren Astea; Fancine Málaga; Fant Bilbao; San Diego Latino Film Festival; Hot Springs International Horror Film Festival; Taos Film Festival, Best Poetic Frontiers saria jaso eban bertan; Indie-Lincs, Audience Award eta Big Imp Award for Feature Film sariak eskuratu zituan; eta Amsterdam New Cinema Film Festival, Muntaketarik Onenaren Saria jaso eban.
Santa Zeta filmak bere nazinoarteko ibilbideagaz jarraituko dau laster, Brooklyngo (New York) DUMBO Film Festival jaialdian parte hartuz.
Kontzientzia soziala dauen thrillerra: Santa Zetak Zoeren istorioa kontetan dau, bidaia-influencerraren gorabeherak dakarz eta sare sozialetan itxuraz perfektua dan bizitea erakusten dau. Baina irudi publiko horren atzean beste bizitza bat ezkutatzen da: bere bidaietan zehar, Zoek pederastak persegiduten ditu, ahiztearen hilketeak eragindako traumeak bultzatuta.
Filmak akzinoa, suspensea eta dramea buztartzen ditu, eta gai sozial sentikor bati heltzen deutso: adinbakoen kontrako sexu-abusuak eta horreen ondorioak, genero-zinemearen narrazino-baliabideen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
