Garcia, Harada, Larraín, Leigh, Moland, Naishtat eta Ustaoğlu Sail Ofizialean izango dira lehian
2026-07-29 08:08 ZinemeaUrrezko Maskorra irabazteko lehian ibiliko dira Roberto Bueso, Mikel Gurrea eta Javier Ruiz Caldera.
Maha Haradaren lehen lanaz gan, Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoko Sail Ofizialean lehiatuko dira, irailaren 18tik 26ra. Oscar sari eta Donostia Sari banaren irabazle Marion Cotillard da, Théodore Pellerinegaz batera, Nicole Garciak (Oran, 1946) zuzendutako film luze barri 7:40 ce matin-là-ko protagonistak; Mal de pierres (2016) lanaren ondoren, barriro ibiliko dira Cotillard eta Garcia alkarregaz lanean. Zinemagile, gidoilari eta aktore frantziarrak Donostian estreinauko dauen istorio honetan, emakume bat kartzelatik urten eta kafetegi batean zerbitzari hasiko da lanean, inguruan lan egiten dauen gazte batengana hurbiltzeko asmoz. Garciak Un week-end sur deux (New Directors, 1990) filmagaz parte hartu eban Zinemaldian eta bere beste lan batzuek, besteak beste, Place Vendôme (1998), L’adversaire (2002), Amants (2020) filmek, Veneziako eta Cannesko zinema-jaialdietan parte hartu izan dabe.
Artearen munduan oinarritutako zenbait bestseller idatzi ondoren (esaterako, Canvas of Paradise and Guernica Cover up), Maha Harada (Tokio, 1962) idazle eta gidoigilea Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da Muyou no Hito lehen lanagaz. Zuzendari japoniarrak bere An Unnecessary Man eleberrian oinarritutako gidoia erabili dau museo bateko langile baten istorioa kontetako; giltza misteriotsu bat jasoko dau protagonisteak, eta garai batean haren hildako aitak erabilten eban gelea edegiten dau giltza horrek.
Pablo Larraín (Santiago, 1976) Mis muertos tristes lanagaz bueltauko da, Zinemaldian film luze lez emongo dan seriea, eta Mercedes Morán, Dolores Fonzi eta Carolina Álvarez antzezleen partaidetzea dauena, besteak beste. Mariana Enriquezen lau kontakizunetan oinarrituta dago eta Ema dau protagonista, hildakoak ikusteko eta entzuteko gaitasuna dauen emakumea. Venezia, Cannes, Berlin eta beste zinema-jaialdi entzutetsutan ohikoa izanik, zuzendari, gidoilari eta produktore txiletarrak Spencer aurkeztu eban Donostian (2021eko ezusteko filma izan zan), eta hori baino lehen, Horizontes Latinos sailean erakutsi zituan Tony Manero (2008), Post mortem (2010) eta El club (2015) lanak. Perlak sailean, barriz, No (2012) erakutsi eban, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izentautakoa, baita Neruda (2016) eta Ema (2019) be.
Hard Truths (2024) Sail Ofizialean estreinau ondoren, Mike Leigh (Brocket Hall, 1943) lehiaketara bueltauko da Tender Loving Care lanagaz. Marion Bailey, Paul Jesson, Kate O’Flynn eta Alice Bailey Johnson protagonista dituan film luze honetan, zinemagile britainiarrak mundu garaikidearen esplorazino zorrotzagaz jarraitzen dau.
Oscar sarietarako hainbat aldiz izentau daben Leigh-ek Perlak sailean aurkeztu eban Cannesko Urrezko Palma irabazi eban filma, Secrets and Lies, 1996, baita beste hainbat film be: Naked (Indefenso, 1993), Frantziako jaialdian zuzendari onenaren saria emon eutsona; All or Nothing, 2002; Vera Drake, 2004, Veneziako Urrezko Lehoia irabazi ebana; edo Happy-Go-Lucky, 2008).
Hans Petter Moland zinemagile norvegiarra (Oslo, 1955) Sail Ofizialera bueltauko da Markens Grode lanagaz. Norvegiako iparraldeko lekuren batean kokatutako istorio honetan, bikote batek bere maitasuna proban jarriko dau gainera jatozkezan erronken aurrean. Knut Hamsun Literaturako Nobel saridunak 1917an idatzitako eleberria hartu dau abiapuntu Molandek oraingoan, baina ez da izango Zinemaldian parte hartuko dauen lehen aldia: Sail Ofizialean lehiatu zan Kjærlighetens kjøtere (1995) bere bigarren film luzeagaz eta Epaimahaiaren Sari Berezia eroan eban (gainera, 2007an Zinemaldiak Sukar Izoztua atzerabegirakoan barriro emon eban filma). Zuzendariak hainbat aldiz parte hartu dau Berlinalen; bertan aurkeztu zituan The Beautiful Country (2004), A Somewhat Gentle man (2010), In Order of Disappearance (2014) eta Out Stealing Horses (2019).
Benjamín Naishtatek (Buenos Aires, 1986) Zuzendari onenaren eta Gizonezko aktore onenaren (Darío Grandinetti) Zidarrezko Maskorrak irabazi zituan 2018an Rojo filmagaz, baita Argazkigintza onenaren saria be. Puan (2023) lanari —María Alchéregaz batera idatzitakoari— esker, Gidoi onenaren Saria jaso eban (gainera, Interpretazino nagusi onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban, ex aequo, Marcelo Subiottok.
Artakalan da Yeşim Ustaoğluren (Caykara, 1960) azken film luzea. Zuzendariak Urrezko Maskorra irabazi eban Pandora'nin Kutusu (2008) filmagaz; haren protagonista Tsilla Cheltonek Emakumezko aktore onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban ex aequo.
Zazpi pelikula horreek gehituko jakez Sail Ofizialean orain arte iragarritako bederatzi lanei
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
