Ekaitz Bertizen 'Joare Tte' Donostiako Zinemaldian ikusgai

Bizkaie! 2026-09-04 10:48   Zinemea

Kimuak programako film laburrei eskainitako saio baten barruan ikusi ahal izango da.

Ekaitz Bertizen film labur barriak Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 74. edizioan parte hartuko dau, Kimuak 2026 programeak aukeratutako film laburrei eskainitako saio baten barruan. Erreka zoko hortan lanaren ondoren, bigarren urtez jarraian hautatu dabe Bertizen film bat programan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, Euskadiko Filmategiaren lankidetzeagaz, urteko euskal film labur onenen nazinoartean zabaltzeko Kimuak ekimenaren programazinoaren barruan ikusi ahal izango da film laburra. Hautaketeak epaimahai independente batek aukeratutako hainbat lan batzen ditu urtero eta nazinoarteko zirkuituan euskal zinemeak dauen erakusleiho nagusienetako bat da.

Ekaitz Bertiz zuzendaria Donostiako Zinemaldiaren euskal zinemearen aurkezpenean izan da, Inma Castro aktore protagonista, Nahia Beroiz arte-zuzendaria eta Inar Lezaun jatorrizko soinu-bandearen konpositoreagaz batera. Kartela Lorena Mariñelarena da.

Joare tte Ekaitz Bertiz da zuzendaria eta Oscar Carrascalegaz batera idatzi dau. Argazki zuzendaritzea Beñat Goiarena da, Nahia Beroizen Arte zuzendaritzea, eta Jatorrizko Soinu Bandea Inar Lezaunena da, Olaia Inziarteren ahotsagaz. Mireia Llagunok eta Bertizek berak muntau dabe, Soinuaren diseinua eta zuzeneko Soinua Iñigo Etxarri Sistiagak egin ditu, Makillajea eta Ule-apainketea Amaia Apezetxeak, eta Jantzien diseinua Celia Nacimientok egin dau.

2026ko neguan Ituren, Zubieta, Aurtiz, Sunbilla eta Arantzan filmau eben, Ituren eta Zubietako inauterien benetako ospakizunagaz batera eta Nafarroako erritu berezienetako baten paisajea, biztanleak eta tradizinoa gehitu jakozan filmari.

Ekaitz Bertizen oharrak

Bigarren urtez jarraian Kimuaken hautatu izana eta film laburra Zinemaldian ikusi ahal izatea oso pozgarria da. Egiten dogunagaz jarraitzeko motibazinoa emoten deusku, ikasten eta beste zinemagile batzuk ezagutzen joateko lorpen txikiak. Oso leku berezia da, ia etxean bezela sentiduten gara, euskereari eta bertako produkzinoei eskaintzen jaken maitasuna eta babesa sentiduten baitira. Espero dogu hainbeste maitasun, errespetu eta estimuz egindako pieza hau gustetea bai joaldunaren personaia eta bai hiru herrietako biztanleei be. Inma Castroren jarrerea eta emoitzea nabarmendu nahiko neukez, izan be, ez dau inoiz interpretazino lanik egin, ganerako aktoreek bezela, eta benetako plazerra izan da beragaz lan egitea. Era berean, eskertzen ditut lantalde tekniko eta artistiko osoko lagunak, bailarako persona guztiak, lokalizazinoak, atrezzoa eta jantziak topetan lagundu deuskuelako, baita Olaia Inziarteri be, bere ahotsa jarri baitau joaldunen deiari erantzuteko.

Ekaitz Bertiz Apezetxea (Sunbilla, 2003)

ESCACeko (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) zuzendari eta gidoi espezialidadeetan graduautako nafarra da. Haren lanek Baztan-Bidasoa bailarako istorioak, memoria eta iruditeriak lantzen ditue, lurraldeari errotutako begirada intimo eta garaikidean oinarrituta.

Bertiz Apezetxearen ibilbidea film labur independenteak eta Eustakio film luzea grabauta hasi eban. Bere filmografian Erreka zoko hortan nabarmentzen da, mugan emakumeek gauez egiten eben kontrabandoari buruzkoa, baita Joare tte, Ituren, Zubieta eta Aurtizen filmautakoa eta joaldunen figurea ardatz dauena. Film labur biak Kimuak programearen parte izan dira, urteko euskal film labur onenak batzen dituana, nazinoartean zabaltzeko. Horrezaz gan, La bola negra filmearen zuzendaritza-taldeko kide izan da, Javier Calvo eta Javier Ambrossik zuzendutako filma.

Filmografia

  • Eustakio (2020).
  • Eklipsi morala (film laburra, 2021).
  • Baserria hartu du gaitzak (film laburra, 2022).
  • Hitza eman nion (film laburra, 2023).
  • Erreka zoko hortan (film laburra, 2025).
  • Joare tte (film laburra, 2026).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu