Donostia Zinemaldiak Donostia Saria emongo deutso Naomi Watts aktore eta produktoreari
2026-09-01 08:17 ZinemeaIrailaren 19an jasoko dau, Ben Shirinian zuzendariaren The Housewife emongo dan galan.
Naomi Wattsek egile-zinemako obrak eta produkzinon handiak buztartzen ditu bere jardunean, telebistan zein zineman. Birritan izentau dabe Oscar sarietarako: Alejandro González Iñárrituren 21 grams (2003) filman egindako lanagaitik eta J. A. Bayonaren The Impossible (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2012) filman egindakoagaitik.
Nazinoarteko ospea David Lynchen Mulholland Drive (2001) filmari esker heldu jakon, izan be, zinema garaikidearen erreferentetzat joten da Wattsen interpretazinoa obra horretan. Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo García zinemagileakaz be lan egin dau. 2009an, gainera, Donostian izan genduzan Watts eta García Sail Ofizialari amaierea emoten, lehiaz kanpo, Mother & Child filmagaz.
The Housewife, Donostia Sariaren emonaldian eskainiko da Ben Shirinian zuzendariaren lehen film luzea da, eta Naomi Watts, Tye Sheridan, Luke Evans, Michael Imperioli eta Lena Olin ditu protagonista. 1964an girotuta eta benetako jazoera batean oinarrituta dago filma, kazetari gazte baten istorioa kontetan deuskuna. Protagonistak ustezko nazi bat New Yorken ezkutatuta bizi dala jakin eta susmagarri nagusiaren emazte maitagarriaren adiskide egingo da. Film luze hau (bere lehena) zuzendu aurretik, zuzendari kanadarrak Lost in Motion (2012), Lost in Motion 2 (2013) eta Josef et Aimée (2015) film laburrak zuzendu zituan.
Naomi Watts
Bere belaunaldiko aktorerik autortuenetako bat da. Bere interpretazino ausartakaitik eta erregistro sorta bikainagaitik da ospetsua, zinema, telebista eta produkzinoa landuz ibilbide arrakastatsua egin baitau eta, horri esker, Oscar sarietarako izentapen bi, Emmy sarietarako izentapen bat eta sektoreko erakunde ospetsuenen sari ugari jaso ditu. Aktore izateaz gan, Watts ekoizle, ekintzaile eta aktibista itzaltsua ere bada. Horren ildotik, emakumeen osasunaren inguruko eztabaida birdefinitzen lagundu du Wattsek. 2025ean, salmenta-arrakasta baten egile izatea lortu eban: berea da Dare I Say It: Everything I Wish I'd Known About Menopause liburua, New York Timeseko salduenen zerrendan sartu zana.
Wattsek Ryan Murphyren Feud: Capote vs. The Swans seriean — Emmy sarietarako hamar izentapen jaso zituanean— Babe Paleyren interpretazino laudatuagaitik irabazi eban Emmy sarietarako bere lehen izentapena, FXeko serie antologiko arrakastatsuaren bigarren entregea. Rol horretarako egindako eraldaketa burutsuak kritikearen autortzea ekarri eutson, baita Golden Globe eta Critics Choice Awards sarietarako izentapenak be.
Ryan Murphyrekin lan egin dau Huluko All's Fair serie judizialean. Serieak Glenn Close, Sarah Paulson, Niecy Nash, Teyana Taylor eta Kim Kardashian ditu protagonista, Wattsez gan (produktore exekutiboa be bada britainiarra). Seriearen bigarren denporaldia produkzino-fasean dago gaur egun. Oraintsu, Murphyk FXerako sortutako Love Story sail antologikoaren protagonista be izan zan, Jackie Kennedyren rolean, aktore gonbidau lez agertzeaz gan Netflixeko Too Much seriean, Lena Dunhamen komedia erromantiko barrian, hain zuzen.
Pantaila handian, aurten The Housewife thriller psikologikoaren protagonista izango da Watts (Tye Sheridan eta Michael Imperiolirekin batera). Era berean, Closing Night Cody Fern zuzendariaren lehen filman lan egingo dau Sarah Paulson eta Odessa A'zionegaz batera, eta Margot Fonteyn jantzari ospetsua interpretauko dau Margot & Rudi baletari buruzko drama erromantikoan. Scott McGehee eta David Siegelen The Frienden —Sigrid Nunezen eleberri best-sellerraren egokitzapen txalotuaren— protagonista izan da Bill Murraygaz batera.
Wattsek Alejandro G. Iñárrituren 21 grams filmagaitik jaso eban emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako lehen izentapena. Bertan, Sean Penn eta Benicio Del Torogaz lan egin eban. Bere interpretazioak BAFTA eta Aktoreen Sindikatuaren (SAG) sarietarako izentapenak be ekarri eutsozan. Oscar sarietarako bigarren izentapena J. A. Bayonaren eta haren The Impossible filmari esker etorri jakon; Golde Globe saria, SAG saria, Critics' Choice saria eta nazinoarteko sari ugari irabazi zituan bertan egindako interpretazinoagaitik. Hori guztia ez eze, St. Vincent pelikulwagaitik (Bill Murraygaz batera) Aktoreen Sindikatuaren sarietarako be izentau eben, Birdman or (The Unexpected Virtue of Ignorance) filman parte hartzeaz gan.
David Lynchen Mulholland Drive maisulan enblematikoagaz egin eban Wattsek salto handia. Obra horretan rol ahaztezin bi egin zituan aktore britainiarrak: Betty Elms eta Diane Selwyn; horren ondorioz, zinemako talenturik interesgarrienetako bat deskubridu zan. Rol horri esker, National Board of Reviewek, the National Society of Film Criticsek eta mundu osoko kritikarien alkarte ugarik emakumezko aktore onenaren saria emon eutsen. Hamarkada bi baino gehiago joan dira eta interpretazino harek azken urteotako nabarmenetako bat izaten jarraitzen dau.
Wattsek interpretazio dramatikoak eta estudio handietako ekoizpenak buztartu ditu bere ibilbide luzean. Hona hemen zineman egindako lan ugarietako nabarmengarrienak: Peter Jacksonen King Kong; Gore Verbinskiren The Ring eta The Ring 2; David Cronenbergen Eastern Promises; Michael Hanekeren Funny Games; Doug Limanen Fair Game; Clint Eastwooden J. Edgar; Noah Baumbachen While We're Young; Mother and Child, Independent Spirit sarietarako izentapena ekarri eutsona; The Painted Veil; We Don't Live Here Anymore; Luce; Ophelia; The Glass Castle; The Book of Henry; Infinite Storm; Goodnight Mommy eta Emmanuelle, Audrey Diwanena. Produkzino-lanetan be ibili da hainbat proiektutan: The Painted Veil, We Don't Live Here Anymore, Funny Games, Adore, 3 Generations, The Wolf Hour, eta Penguin Bloom.
Telebistan ere nabarmena da Wattsek egindako lana, hainbat rol protagonista izanik: The Watcher (Netflix); The Loudest Voice (Showtime), Gretchen Carlsonen rolean Russell Crowgaz batera; Twin Peaks: The Return (David Lynch); Gypsy (Netflix, hor produktore lanak be egin zituan); eta BoJack Horseman (Netflix).
Wattsek hainbat sari jaso ditu bere jardun-ibilbidean, hala nola Santa Barbarako Zinema-jaialdiko Montecito Saria, emakumezko aktore onenaren Desert Palm Saria Palm Springseko Zinema-jaialdian, Female Star of Tomorrow Saria ShoWesten eta interpretazio-debutik onenaren Saria Hollywoodeko Zinema-jaialdian. Deauvilleko Zinema Amerikarraren Jaialdiak, halaber, omenaldia egin zion Wattsen ibilbideari.
Ingalaterran sortua eta Australian hazia, Watts nerabe zala hasi zan interpretazinoa ikasten, eta John Duiganen Flirting filmagaz egin eban debuta zineman. Aurrerago, Ellie Parker film laburra produzidu eban (protagonista izateaz gan), Sundance Zinema-jaialdiko sail lehiakorrean estreinau zana eta gero formatu luzeko film lez egokitutakoa.
Ikuskizunaren mundutik kanpo, Watts emakumeen osasunaren eta menopausiaren inguruko sensibilizazinoaren aldeko aktibista konprometidua da. 2022an, Stripes Beauty sortu eban, menopausiari buruzko alkarrizketea normalizetako jomuga eta oinarri zientifikoa izanik hezkuntzearen, sare komunitarioen eta produktu barritzaileen bidez emakumeak ahalduntzean dabizen ondoizate eta edertasun-enpresea.
Sarrerak
Inaugurazino, zarratze eta Donostia Sarietarako sarrerak gaur, irailak 1, jarriko dira salgai 10:00etan hemen (Werner Herzogek Donostia Saria jasoko dau bertan), baita amaiera-ekitaldirako eta Naomi Wattsi Donostia Saria emoteko ekitaldirako sarrerak be. Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko hiru saio horreek Kursaal Auditoriumean izango dira. Gainera, Belodromoak amaierako galearen zuzeneko emonaldia hartuko dau, Sail Ofizialari eta Perlak Sailari amaierea emoteko filmak be proiektauko diren saio batean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
