‘One Battle After Another’, Paul Thomas Andersonenak, urteko film onenaren FIPRESCI saria irabazi dau
2026-09-03 11:50 ZinemeaLaugarrenez jasoko dau zuzendari estadubatuarraren film batek nazinoarteko kritikearen autortzea.
Paul Thomas Andersonek zuzendutako One Battle After Another (2025) filmak FIPRESCI Sari Nagusia irabazi dau, FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazinoarteko Federazinoko kideek 2026ko film onena dala zehaztu baitabe. Kritika eta kazetaritza zinematografikoaren arloko profesionalen alkarterik zaharrena da FIPRESCI, 2025ean ospatu baitzeban bere mendeurrena. Botazinoan 69 herrialdetako 591 kritikarik hartu dabe parte, eta AEBetako produkzino hau hautatu dabe 2025eko garagarrilaren 1etik estreinautako guztien artean.
Paul Thomas Andersonen film batek autortza hori lortzen dauen laugarren aldia izango da, Magnolia (1999), There Will Be Blood (2007; Andersonek 2008an Kursaaleko agertokian jaso eban saria) eta Phantom Thread (2018) pelikulen ondoren.
Saria Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoaren inaugurazio-ekitaldian emongo jako zuzendariari, irailaren 18an. Egun horretan bertan filmaren proiekzinoa programau da, irailaren 7an iragarriko dana.
One Battle After Another izan zen igazko Oscar sarietako irabazle nagusia, sei sari eskuratu baitzituan: film onena, zuzendari onena, gizonezko aktore protagonista onena, antzeztaldeko gizonezko aktore onena, casting onena, gidoi egokitu onena eta muntaketa onena.
Beste lau finalistak honako honeek izan dira: Stille Freundin / Silent Friend (Ildikó Enyedi, Veneziako FIPRESCI Saria); The Voice of Hind Rajab (Kahouter Ben Hania, Zidarrezko Lehoia eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Venezian eta Donostia Uriko Publikoaren Saria; Hamnet (Chloé Zhao, publikoaren saria Torontoko eta Valladolideko jaialdietan); eta Fjord (Cristian Mungiu, Urrezko Palma, Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI Saria Cannesko jaialdiko aurreko edizinoan; Perlak sailean parte hartuko dau).
Sortu zanetik (1999an), zinemagile askok jaso dabe FIPRESCI Sari Nagusia: Maren Ade, Pedro Almodóvar, Paul Thomas Anderson, Nuri Bilge Ceylan, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryûsuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Abdellatif Kekiche, Kim Ki-duk, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Cristian Mungiu, Jafar Panahi, Roman Polanski, Chloé Zhao eta Walter Sallesek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
