2026ko edizinoa Deban izango da irailaren 9tik 12ra
2026-09-08 08:50 ZinemeaSan Telmo Museoan aurkeztu dabe Animadeba Nazinoarteko Animazinoko Zinema jaialdia.
Edizio honetan animazio analogikoaren eta artisau-animazioaren aldeko apustua egingo dabe eta izen nagusietako bat Theodore Ushev izango da, nazinoarteko autortzea dauen zuzendari eta artisteak jaialdian parte hartuko baitau.
Kartelaren egilea
Prest zagoz ames egiteko? Laster errealidadea geratu eta irudimenak kontrol osoa hartuko dau Deban. Aurtengo Animadebak, Debako Nazioarteko Animazio Festibalak, herria sakon eraldatu eta bertaratzen diran guztiei izarrik dagozala ames egiteko aukera parebakoa eskainiko deutse.
Egun batzuetan zehar, udalerriaren eguneroko erritmoa eten egingo da Deba nazinoarteko topagune bilakatzeko. Urteroko moduan, animazinoaren indar bateratzaileak erakarrita, industria honetako hainbat profesional batuko dira bertan: zuzendariak, produktoreak, sektoreko langileak zein ikasleak debarrakaz batera biziko dira jai giroan.
Aurtengo identidade bisualak errealidade berezi hori irudikatu nahi izan dau. Horretarako, atontzaileek Malen Pazos (Mutriku, 1997) ilustratzailearen lana aukeratu dabe. Publizidadean graduatua da artista gipuzkoarra, sano ezaguna bere ilustrazio digital koloretsuakaitik, forma zein proportzino fantastikoakaz olgetako dauen gaitasunagaitik eta testura bereziakaitik.
Pazosen kartelak edade guztietako personak, istorioak eta pentsamenduak leku berean batzen diraneko momentu magiko hori islatzen dau. Atontzaileek nabarmendu dabenez, herritarrek eta bisitariek ikusle hurs izateari itxiko deutse egunotan protagonista bihurtzeko, izan be, guztiek animazinoaren hizkuntza unibersala erabiliko dabe argiak amatau eta magia hasten danean.
Beste urteetan bezela, San Telmo Museoak Animadeba OFF saioa hartuko dau irailaren 15ean, jaialdia amaitu ondoren. Saio horretan aurkeztuko diran film laburrak Zuzendari Barriak EHU sailekoak izango dira, eta hainbat herrialdetako hamar film labur lehiatuko dira epaimahaiaren saria eskuratzeko. Atal honetan proposamen barritzaileak, desbardinak eta ikuspegi apurtzailekoak izango dira.
Egitaraua
Irailaren 9tik 12ra bitartean Animadeba jaialdiaren 19. edizioa izango da Deban. Lau egunez, mundu osoko animazinoko film laburrak, umeentzako saioak, industria-topaketak eta gaueko kontzertuak batuko ditu egitarauak.
Webgunean dago egitarau osoa eta bertaratzen diranek nazinoarteko zein etxeko animazino onenaz, tailerrez, profesionalen topaketez eta musikea zuzenean gozetako aukerea izango dabe irailaren 9tik 12ra.
Aurtengo film laburren hautaketa zabalak hamar herrialde baino gehiagotako sormen lanak batuko ditu. Sail Ofizialean eta Panorama atalean gaur egungo gai zein istorio anitzak ikusi ahal izango dira teknika ezbardinen bidez landuta. Zuzendari Barriak EHU sailean zinegile gazteen proposamen barri eta ausartak lehiatuko dira saria eskuratzeko.
Etxeko txikienek be euren gunea izango dabe Animatxiki sailean: 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako atal honetan animazinoaz familiakideakaz batera gozau ahal izango da. Eskaintza hau osatzeko, EITBko Makusi plataformako atal bereziak be proiektauko dira.
Zinemaz harago, Animadeba Lab gunean ikus-entzunezkoen industriari buruzko topaketak eta proiektuen aurkezpenak egingo dira profesionalentzat. Egunei amaierea emoteko, barriz, jaialdiak musika eskaintza erakargarria atondu dau: Iskra, Sara Zozaya, Sua, Asfa, Otamar, Xahu DJ Siwanaba eta Maskak taldeen saioek girotuko ditue gauak.
Egitarauaren ordutegi guztiak, saio bakoxtzaren zehetasunak eta informazino osotua eskuragarri dagoz dagoeneko Animadebaren webgune ofizialean, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
