Ene Kantaken 'Bisonte Mastodontearen Bila' diskoa plazan

Bizkaie! 2024-10-23 09:39   Musikea

Proiektu zabalago baten parte diran 14 abesti eta 14 bideoklip barri.



Disko barrira 14 kantu batu ditue, Usb Digipack euskarrian dagoz daborduko, baita plataforma digital guztietan be.

Usb Digipack euskarria Ene Kantaken webgunean dago salgai. Full HD kalidadeko 14 bideoklipez gan, abestien audioak mp3-n zein wav-en dagoz. Horrezaz gan, 25 minutuko bideo bat. Azken bideo honek diskoaren lehen 5 kantuen bideoklipak jasoten ditu baina bideoklip bakotxaren hasieran esketx bat doa: Ene Kantakeko personaiek lehen gizakiak ezagutzen ditue bertan eta bisonte mastodontearen bila ibiliko dira.

Digipacka sano berezia da: hazur itxurea dauen Usba, hain zuzen, beti egin izan daben letra-liburuxkeagaz batera, jakina.

Horrezaz gan, abestiak plataforma digitaletan dagoz: Spotify, Apple Music, Amazon Music, YouTube...

Abesti guztiak Nerea Urbizuk eginak dira, eta ondokoak izan dira abeslari gondidaduak: Gartxot Unsain, Tom Lizarazu (Bulego), Claudia Rodriguez (Goxua´n salsa), Kike Amonarriz, Aitor Garcia, Iñigo Aranbarri, Odei Barroso Gumila, Nahia Sillero, Beñat Gaztelumendi eta Lur Errekondo.

Bisonte Mastodontearen Bila ikuskizunaren mundo mailako estreinaldia

Datorren zapatuan, hilak 26, Ene Kantak, Txantreako erraldoi eta buruhandien konparseagaz batera, Atarrabiako Kultur Etxean izango dira, 16:30ean eta 18:30ean.

Estreinaldirako sarrera gitxi batzuk baino ez dagoz, eskuratu hemen.

Zapatuko emonaldiaren birako lehenengoa izango da, izan be, abenduan Bilboko Euskalduna Jauregia (saio bi), Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegia (saio bi), Donostiako Victoria Eugenia (lau saio) eta Iruñeko Baluarte (saio b) bisitauko ditue. Tafalla, Tolosa, Getxo, Zalla, Irun, Barakaldo edota Amurriora be joango dira.

Informazino gehiago hemen.

Liburua

Nerea Urbizuk idatzia eta Mikel Santos Belatzek ilustrautakoa da.

Zemendiaren 5ean liburua argitaratzea da asmoa. Liburua ikuskizunaren gidoiaren eta diskoko hainbat abestiren oinarria izan da.

Historiaurrea oso gai erakargarria da txikientzat eta eduki oso interesgarria landu daiteke. Harrapatuko ete dabe gure personaiek Bisonte mastodontea? Ala Bisonte mastodontea izango ete da gure personaiak harrapatuko dituana?

Ene Kantak Unibersoa

2011. urtetik dabiz kantuak eta bideoklipak sortzen eta ETBk umeentzako saio bat eskaini dau 5 urtez.

Euren bideoklipek YouTuben 99 miloek bistaratze baino gehiago ditue, batez be Euskal Herrian, Espainian, Indonesia, AEB, Brasil, Mexiko, Argentina edo Kolonbia lako herrialdeetan.

Kontuak kontu, Ene Kantak eta bere personaiak bertoko etxe zein ikastetxeetan dagoz, euskerea ikasteko tresna bezela, edota genero bardintasuna lantzeko, zein ekologia, birziklapena, zenbakiak, adiskidetasuna, naturea, elikadura osasuntsua, kultura orokorra, edota asteko egunak ikasteko.

Eutsi Ene Kantak, eutsi euskereari!

Oraintsu euskereari egunerokoan garrantzia emongo deutson komunidadea sortzeko kanpaina bat jarri dau martxan. Eurekaz bat egin nahi daben lagunentzat webgune bat diseinau dabe eta urtero 20 euroko edo 35 euroko bazkidetzea egin leike eta horren truke, Ene Kantakek urtearen barruan egin edo sortu dauen guztia etxean jasoko leuke. Urtero sortzen daben hori, liburu bat eta 5 abesti bere bideoklipakaz izango litzateke.

Ganera, eduki horreekaz batera abantaila batzuk be badagoz, besteak beste, zoriontzeko bideo personalizaua, webguneko dendan % 50eko beherapena edota emonaldietarako sarreren zozketak.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu