Iker Ganuza EPE IBAIA alkarteko buru izentau dabe

Bizkaie! 2024-10-23 08:21   Kulturea

Marian Fernandez (Txintxua Films) ordezkatu dau.

Donostian egindako bilerean, alkarteko Zuzendaritza Batzordea osotzen daben 11 kideek aho batez aukerau dabe Iker Ganuza hurrengo urte bietan EPE IBAIAko presidente-kargua betetzeko. Produktoreak, ibilbide luzea dau produkzino zinematografikoan eta Marian Fernandez (Txintxua Films) ordezkatu dau karguan. Koldo Zuazua (Kowalski Films) eta Leire Apellanizek (Sr&Sra) beteko ditue presidenteorde-karguak.

Izentapenaren ondoren, haren aurrekoek IBAIA eta EPE-APV alkarteetako presidente-karguan egindako lan handia eskertu dau presidente barriak (Marian Fernandez eta Carlos Juarez izan ziran, hurranez hurran), eta alkarteari datozen urteetan euskal ikus-entzunezkoen interesak defendatzeko eta gidatzeko edegiten jakon aukerea balioetsi dau: bazkide guztien arteko lankidetzea eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira sektoreko erronkei aurre egiteko eta ikus-entzunezkoen sektorea hazkunde ekonomikoaren eta aberastasun eta dibersidade kulturalen zabalkundearen iturri bezela sendotzeko.

Gaur egun, 67 dira EPE IBAIA alkarteari lotutako produkzino-etxeak. Halanda ze, Euskadiko ikus-entzunezkoen produkzino-enpresa independente gehien-gehienak ordezkatzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu