Zabalik XI. Bizkaidatz Txikian izena emoteko epea
2024-10-22 12:39 KultureaKontakizunak jasoteko epea 2024ko zezeilaren 13an amaituko da.
Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak, Borja Alonso eta Veronica Simon idazleakaz batera, BizkaIdatz Txikiaren hamaikagarren edizinoa aurkeztu dau. Umeentzako eta gazteentzako literatura-lehiaketea Bizkaiko Foru Aldundiak atontzen dau eta akabubako kontakizun baten amaierea idaztea da egitekoa.
Aurton, Borja Alonsok eta Veronica Simonek idatzi ditue kontakizunen hasierak. Borja Alonsok Zuhaitzaren desira izeneko euskerazko istorioa hasiko dau eta Veronica Simonek, barriz, Los rostros de la selva kontakizunaren bitartez, gaztelaniazko istorioaren hasierea proponiduko dau. Zuhaitzaren desira istorioaren testuak Maria Altunak ilustrau ditu eta Janire Ordunak Los rostros de la selva istorioarenak.
Parte-hartzaileei proponidu jaken istorioa, personaietara eta kontaerara egokituta amaitu beharko dabe, testuaren hizkuntzea kontuan hartuta. Epaimahaiak holan erabagiko balu, modalidade bietan irabazteko aukerea be izango da. Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten dabizan 16 urtera arteko umeak eta gazteak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara: umeen kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. —I. taldea— eta 5. eta 6. —II. taldea— mailetako ikasleak); eta, gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. —III. taldea— eta 3. eta 4. —IV. taldea— mailetako ikasleak).
Kontakizunak jasoteko epea 2025eko zezeilaren 13an (barikuan) amaituko da. Testu guztiak, gitxienez, 4 orrialde luze izango dira, eta, gehienez, 5. Eskuz idatzi ezkero, letra argia erabili behar da; ordenagailuz idatzi ezkero, barriz, Times edo Arial letrea erabili behar da (12ko neurrian), DIN A4 orrietan, lerroarte bikotxa itxiz.
Idazlanak Laguntza - Erregistroa eta Herritarrakanako Laguntza Bideratzeko Bulegoan aurkeztu ahal izango dira (Diputazino kalea 7, 48008, Bilbo). Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan be aurkeztu daitekez, baita erregistro publikoetan eta posta-bulegoetan be.
Hemen konsultau daitekez lehiaketearen oinarriak.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean jarri eban martxan BizkaIdatz Txikia ume eta gazteentzako literatur lehiaketea, Bizkaiko ikastetxeetako ume eta gazteen artean irakurteko eta idazteko zaletasuna sustatzeko.
Aurreko edizinoan 1.949 parte-hartzaile izan ziran guztira: 727 mutil eta 1.222 neska. Ikasle horreetatik 896k euskeraz idaztea aukeratu eben eta 1.053k gaztelaniaz. Kategoriei jagokonez, 866 umek parte hartu eben eta 1.083k gazteen kategorietan hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!