consonnik eta Lankuk atondutako Bertso-saio espekulatiboa proiektuari hasierea emongo jako
2024-10-21 09:36 BertsolaritzeaUxue Alberdi, Miren Amuriza eta Unai Iturriga bertsolariakaz eta Leire Vargas idazlea batuko dira.
Zirriborroak eta gero liburua da Gutun Zuria Zabalik ekimenaren proiektu eta saio barriaren inspirazino-iturria. Etorkizuneko errealidadeen inguruan bat egiten hamar idazleen ipuinak jasoten dituan bildumea da, consonnik argitaratua.
Bertso-saio espekulatiboak Javier Andraka argiztapen teknikariaren eszenografia eta Verde Prato abeslariaren soinu diseinua ditu.
Gutun Zuria Zabalik
2024ko urriaren 22an, martitzenean, 18:30ean, Azkuna Zentroaren Auditorioan:
Bertso-saio espekulatiboa: Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariak eta Leire Vargas idazlea.
Sarrerak azkunazentroa.eus webgunean / AZ Info
Prezioa: 6 euroan / 4 euroan AX Txartelagaz.
Gutun Zuria Bilbao, Azkuna Zentroko Letren Nazinoarteko Jaialdia, Zentrora bueltauko da Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariak batuko dituan Bertso-saio espekulatiboa izenburupean, Leire Vargas idazleak proponidutako gaiakaz inprobisauko ditue ahapaldiak.
Gutun Zuria Zabalik programeak literaturearen inguruko alkarrizketak eta eztabaidak zabaltzen ditu, zinemearen edo musikearen inguruko beste hizkuntza artistiko batzuen inguruan. Apirilean hasi zan Oskar Alegria zinemagileagaz eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Xabier Erkizia artistearen arteko alkarrizketeagaz jarraitu eban. Azkenengo saioa Irene Sola idazleak egin eban, Iván de la Nuez saiogile eta curatoreak aurkeztua.
Kontuak kontu, datorren martitzenean, urriaren 22an, kantautako berbak eta literatura espekulatiboak bat egingo dabe 18:30etik aurrera Azkuna Zentroan.
Bertso-saio hau Zirriborroak eta gero (consonni, 2024) liburuan inspirauta dago. Ipuin-bilduma horretan, hamar idazleren ipuin bana batu da, besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Belén Gopegui eta Patxi Zubizarretarenak. Proiektu hau Azala sormen gunearen eskutik sortu zan eta narrazinoek alternatiba sozial, kultural eta afektiboak irudikatu nahi ditue.
Geroari buruzko alegia honeek kontakizun solteak izan ziran, gero consonni argitaletxeak argitaratutako liburua osotu eben eta orain bertso moduan datoz. Bertso-saio espekulatiboen proiektu hau consonni eta Lankuren arteko produkzinoa da eta hainbat saio izango ditu hainbat uri eta testuingurutan. Gainera, Javier Andraka argiztapen teknikariaren eszenografia eta Verde Prato abeslariaren soinu diseinua ditu.
Proiektua Azkuna Zentroko lehen saio honegaz inaugurauko da, primizian. Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariek bertso-saio espekulatiboa eskainiko dabe, Leire Vargas idazleak gai-jartzaileak proponiduko deutseen gaiakin.
Bertsolaritzearen eta literatura espekulatiboaren arteko alkarrizketa honek beste mundu batzuk, ekintza iraultzaileak eta gaur egungo munduak baino esangura gehiagoko errealidadeak sortzeko bidean aldaketa sakonak irudikatu nahi ditu, izan be, gizartea beste mundu batzuk pentsetako kapaz bada, argi dago horreek errealidade bihurtzea posible dala.
Protagonistak
Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984)
Iidazlea eta bertsolaria da. Ipuin liburu bi (Aulki bat elurretan, Elkar, 2007; Euli-giro, Susa, 2013), eleberri bi (Aulki-jokoa, Elkar, 2009; Jenisjoplin, Susa, 2017) eta literatur kronika bat (Dendaostekoak, Susa, 2020) idatzi ditu. Ume literaturan hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste, Besarkada (2016ko Euskadi Saria) eta Hili eta Poza album ilustratuak. Alfonsina Storniren poemak euskeratu ditu, eta hainbat irakurketa talde zuzentzen ditu. Kontrako eztarritik saiakereak Euskadi Saiakera Saria jaso eban 2019an. Bertsolaritzea eta feminismoa buztartzen dituen hainbat proiektutan parte hartzen dau.
Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990)
Filologia ikasi eban. Urteak daroaz bertsolaritzan, bai plazetan eta bertso eskoletan, bai feminismoagaz lotutako hainbat ekimenetan. Prentsan eta irratian eskarmentu handiko kolaboratzailea da eta gaur egun sormen eta idazketa-lanetan dabil. Eleberri bat (Basa, Elkar, 2019) eta ume literaturako hainbat lan argitaratu ditu.
Unai Iturriaga (Durango, 1974)
Bertsolaria da, Arte Ederretan lizentziaduna, bertsolaritzan ibilteaz gan, telebistarako, zinemarako, antzerkirako eta komikirako gidoiak idatzi ditu. Gaur egun Gara-Naizen eguneroko atal grafikoa argitaratzen dau.
Leire Vargas Nieto (Durango, 2002)
Itzulpengintza eta interpretazinoko ikaslea da. Literatureari buruzkoa da batez be. 2021ean Dena ametsa den irudipena poesia liburua argitaratu eban, Irun Hiria saria jaso ondoren. 2024an amaitu dau bere bigarren poema bilduma: Bihotz-museo bat. Gainera, bertsolaritzeagaz hartu-emon estuak izan ditu hainbat urtetan: plazan inprobisau eta bertsolariei gaiak proponiduten. eRRe eta Azken Oturuntza ikuskizunen sortzaileetako bat izan zan, bertsolaritzea eta beste diziplina sortzaile batzuk buztartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!