'Bilbao en el cine' aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-10-21 09:06   Kulturea

Version Original aldizkariaren ale berezi bat.

Versión Original zinemeari buruzko aldizkari tematikoak 2024ko ale berezia aurkeztu dau: Bilbao en el cine. Bertan, uriaren eta zinemearen arteko lotureari buruzko azterlana egin dabe, Bilbao Bizkaia Film Commission-en laguntzinoagaz.

2020an Versión Original aldizkariak Madril uriari eskainitako ale berezia argitarau eban. Horren ostean, 2021ean Bartzelona izan zan aldizkariaren agertokia, 2022an Salamanca eta 2023an Sevilla hain zuzen be. Aurton, barriz, Bilbo izan da uriaren eta zinemearen arteko lotureari buruzko azterlanak hizpide hartu dauen uria. Edizino horretan, urian filmatutako filmei buruzko artikuluak dagoz, baita uria zinemeagaz lotzen daben testuak be.

Bilbao Bizkaia Film Commission-en helburua da filmaketak urira eta lurraldera erakartzea; horren harira, 2023an 151 produkzino grabau dira bertan. Holan, produktoreei eta profesionalei arretea emoten deutse, euren proiektuetarako agertokirik onenak aurki deiezan. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzautako zerbitzu horrek 58,5 miloe euroko eragin ekonomiko zuzena sortu eban 2023an, hau da, 2021ean lortutako datuaren laukotxa.

Urteetan zehar, bilakaerea zinematografikoaren lekuko izan da Bilbo, eta, kasu askotan, uriaren eraldaketeagaz batera gertau izan da. 1913ko La inauguración del campo de San Mamés filmetik hasi eta azken produkzinoaraino, esaterako Una vida tan simple (2023), zinemagintzea gai izan da aldatzen ari dan gizartearen  eguneroko bizitzea, pasinoak, tensinoak eta gatazkak erakusteko. Bilbok XX. mendearen erdialdean industriagune izatetik XXI. mendeko ikono kultural eta arkitektoniko izatera iristeko izan dauen bilakaerea zinemean be islatu da, uriko iraganaren eta orainaren arteko kontrasteak erakutsiz.

Versión Original aldizkaria 1993an sortu zan, eta gaur egun estadu mailan ibilbide luzeena dauen aldizkarietako bat da, baita zinema aldizkari tematiko bakarra be. Aldizkariaren ezaugarri nagusia altruista eta humanitarioa da, izan be, bertan lan egiten daben persona guztiek eskuzabaltasunez eta alkartasunez egiten dabe eta salmenten bidez lortzen diran irabaziak ReBross Fundazinoak laguntzen dituan proiektu humanitarioetara bideratzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu