'Femme', udagoieneko programazinoari hasierea emoteko

Bizkaie! 2024-10-18 10:21   Kulturea

Bilborockek kultura egitasmo ugari atondu ditu urte amaierarako.

Bilboko Udalak Bilborocken udagoieneko programazinoa aurkeztu dau. Kontuak kontu, bihar, hilak 19, 20:00etatik aurrera, Femmeren edizino berri bat hartuko dau: emakumeen talentua musikean eta beste diziplina artistiko batzuetan sustatzeko udal programea hain zuzen be. Programazino barrian, Bilborock gazteentzako ekintzailetza-laborategia da musikearen, kulturearen eta sorkuntzearen industriaren esparruan.

Sortu ebenetik, Femme 90 parte-hartzaile baino gehiago dituan artista-komunidade bezela egonkortu da. Zapatuko ekitaldian Berta Vittersweet artista egongo da, eta bideo batek lagunduta aurkeztuko dau programea. Ondoren, berbaldi bi egingo dira ondoko parte-hartzaile honeekaz: Maider Legarreta (kantautorea), Almudena (2 Villanas), Lena Makana (abeslaria eta konpositorea), Myriam Ariana (kazetaria eta argazkilaria), Daniela Bartolomé (poeta eta aktorea), Lucía Vittoria (argazkilaria eta sorkuntza-zuzendaria), Bihotza (DJa eta programatzailea), Pilar Muzsi (zeramikaria), María Vaquerizo (abeslaria) eta Mar Márquez (abeslaria eta sortzailea). Erronkei buruz, emakumeen ahalduntzearen garrantziaz eta euren erreferente eta inspirazinoez berba egingo dabe.

Horren ostean, musika-emonaldiak egongo dira: Maider Legarreta, 2 Villanas Almudena, Lena Makana, Vittersweet eta Bihotza DJ.

Udagoieneko programak

- Freskure-Bilbao Fresh Musika!

  • 2024ko abendura arte, hainbat talde eta bakarlari barrik euren sorkuntzak eta lanak erakutsi ahal izango ditue Bilborocken. Ekimen horren helburua da musikari amateurrei euren sorkuntzak erakusteko espazioak eskaintzea, baita profesional baten eskutik prestakuntza-pilulak emotea. Abenduaren 20an, 20:00etan, Freskure Berezia egingo da.

- Mix-A

  • Abenduaren 27an, Mix-A Berezia egingo da ospe handiko artistekaz, esaterako: Discodelia edo Arketypo.

- Klasikoak

  • Zemendiaren 8an, kontzertu berezi bat izango da, Bilborockegaz hartu-emonak izan daben banda historikoen eskutik: Had Had (Bartzelonako bandea), Unclose bilbotarrak eta Labala kolektiboko tokiko DJa.

- Imaginautak

  • Zemendiaren 19an, Imaginautak programearen saioak izango dira. Imaginautak kultur alkartearen programa horren bidez, artista gazteek alkarren proiektuen barri izango dabe, era bateko eta besteko arlo artistikoetakoak (besteak beste, poesia, zinemea, jantzea, performancea edo argazkilaritzea).

- Lokal Sessions

  • Bilboko Udalak doban eskaintzen deutse persona gazteei eta gazte-taldeei Bilborocken entsegu-aretoetan kalidadezko musika-bideo bat grabeteko aukerea, euren lana areto profesionaletan eta Bilborocken sare sozialetan sustatzeko balia deien.

- Gazte Egunak

  • Ekimen horren bidez, doban emongo jake 18 eta 30 urte bitarteko gazteei eta gazte-taldeei jarduerak edo ekitaldiak atontzeko aukerea. Hilean behin, Bilborockek interesdunen eskura jarriko ditu bere askotariko erabileretarako aretoa, ekipoak eta teknikariak. Helburua da persona eta talde gazteei erabilera askotarako gelea eskaintzea, euren jarduerak eta ekitaldiak Bilborocken programa deien.

- Local DJs / Mix-A Sets

  • Areto honetan ekipo profesional bat dago, DJ gazteek entsaiatzeko, tailerrak emoteko, hitzaldiak eskaintzeko... Astelehenetik barikura da, 17:00etatik 22:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu