'Bilbo, euskararen hiriburua' erakusketea edegi dabe

Bizkaie! 2024-10-18 08:27   Kulturea

Begoñako Udaltegian, urriaren 30era arte.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Bilbo, Euskararen Hiriburua udal-erakusketea bisitau dau, Begoñako Udaltegian.

Erakusketea aste honetan hasi da udal-ekipamenduan eta 14 paneletan jasoten ditu euskereak urian izan dituan mugarri historikoak. Bertan egongo da urriaren 30era arte eta zezeilean uriko barruti guztietara edegiko da.

Bilboko Udalaren erakusketeak Euskaltzaindiaren eta Labayru Fundazinoaren laguntzinoa izan dau. Ekitaldian, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotzia be egon da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu dauenez: erakusketea, mugarri bat da Bilboko euskerearen historian: uri gero eta euskaldunagoa lortzeko. Bilboren eta euskerearen arteko loturea historikoa da, izan be, gure uriak eta gure hizkuntzeak hartu-emon estuak, sakonak eta erabatekoak ditue.

Bilbo, Euskararen Hiriburua erakusketearen helburua da Bilbon euskereak dauen presentziaren garrantzia nabarmentzea. Horren bidez, XX. mendearen hasieratik urian izandako bilakaerea aurkezten eta irudikatzen da.

Erakusketea Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak abenduaren 3an atondutako ekitaldien barruan kokatzen da. Ganera, Gobernu Taldeko alderdi bien eta PPren arteko Osoko Bilkurako akordio bati erantzuten deutso.

Erakusketea mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dago, paneletako mezuak irudiakaz osotzen dira irakurketa arina eta erakargarria izan deian eta informazino guztia lau hizkuntzatan eskaintzen da, QR kodeen bidez; kode horreek, ganera, bideoak eta soinua txertatzea ahalbidetzen dabe.

Erakusketearen programazinoa

  • Begoñako Udaltegian, urriaren 15etik 30era.
  • San Ignazioko Udaltegian, zemendiaren 4tik 14ra.
  • Errekaldeko Udaltegian, zemendiaren 18tik 22ra.
  • La Bolsa Udaltegian, zemendiaren 26tik abenduaren 5era.
  • Castañoseko Udaltegian, abenduaren 15etik 30era.
  • Abandoko Udaltegian, urtarrilaren 3tik 16ra.
  • Otxarkoagako Udaltegian, urtarrilaren 20tik 30era.
  • Basurtuko Udaltegian, urtarrilaren 30etik otsailaren 14ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu