'Lekua merezidu dabe Euskadik eta euskereak'

Bizkaie! 2024-10-18 08:01   Kulturea

Guretzat behar-beharrezkoa da euskal herritarrek kulturea gure hizkuntzan, euskeraz, sortzeko eta jasoteko eskubidea izatea. 

Gasteizeko Artium Museoan egin dabe Kultura Arloko Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkurea eta hori izan dira Ernest Urtasun Kulturako ministroa eta Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordea. Ibone Bengoetxeak mahai gainean jarri dau Euskadik egin leiken ekarpena Kultura Eskubideei eta Euskadiko 2030 Agendako Kulturari eta Hizkuntza Aniztasunari lotutako 18. GJH-ari jagokenez.

Urtasun ministroa buru izan dauen bileran, besteak beste, Kultura Eskubideen Planaren aurrerapenak eta hainbat autonomia-erkidegok bialitako proposamenak aztertu eta 2025ean Bartzelonan egingo dan Mondiacult nazinoarteko biltzarrari buruzko informazinoa konpartidu dabe.

Lehendakariordeak adierazo dau bileran Kulturako ministroari eskatu deutsola Euskadik eta euskereak bere lekua izatea Mondiacult 2025 munduko biltzarrean. Bengoetxearen ustez, biltzarra aukera parebakoa da UNESCOko 194 estadu kideen aurrean Estaduaren hizkuntza-aberastasuna eta izakera plurinazionala erakusteko.

Kultura Eskubideen Euskal Legea Mondiacult 2025 biltzarrean

UNESCOk kulturearen egoereari buruzko munduko lehen txostena aurkeztu dau Mondiacult nazinoarteko biltzarrean, eta lehendakariordearen ustez, Euskadik bere lekua merezidu dau, ekarpen oso positiboa egin leikielako kultura-eskubideei jagokenez: Gobernu lez, sektoreari berme juridikoa emongo deutson Kulturearen Euskal Legea atarateko konpromisoa hartu dogu, Lege integral baten alde gagoz, administrazio publikoak, sektore publikoa, eremu pribatua, herritarrak eta sortzaileak, euskal kulturearen sektoreko eragile guztiak, barne hartuko dituana. Benetan uste dot Euskadi eredu izan daitekeela kulturearen arloan oinarri sendoak dituan sistemea dalako, sektorea kultura-eskubideak gauzatzeko gaitasuna izango dauena, emongo deutson lege integral bat zelab egin behar dan ikusteko, hezkuntza-sisteman edo osasun-sisteman jazoten dan bezela. Uste dot Mondiacult 2025 biltzarra leku aparta dala beste herrialde batzuekaz legegintza-proposamen hau kontrastau eta aberasteko eta estaduen artean loturak sortzeko”.

2030 Agendea eta Kultureari eta Hizkuntza Aniztasunari buruzko 18 GJH

Bigarrenik, eta aurretik aitatutakoari jagokonez, Bengoetxeak balioetsi egin dau dau Euskadin, UNESCOren Munduko 2030 Agendak markautako 17. Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan, beharrezkoa ikusten zala beste helburu bat gehitzea, kultureak eta hizkuntzak, kasu honetan arretea euskeran jarrita, zeregin garrantzitsua izan leikien gainerako GJHegaz batera, erkidego baten garapen personalak eta kolektiboak nahitaez arlo horretatik ere igaro behar dauela jaubetuta.

Esangura horretan, Euskadin beste helburu bat gehitu deutsgu 2030 Agendeari, 18.a, Kultureagaz eta Hizkuntza Aniztasunagaz lotuta, izan be, guretzat behar-beharrezkoa da euskal herritarrek kulturea gure hizkuntzan, euskeraz, sortzeko eta jasoteko eskubidea izan deien bermatzea. Horregatik guztiagaitik, Euskadirentzat eta euskerearentzat bere lekua eskatzen dot Mondiacult 2025 biltzarrean, esan dau amaitzeko lehendakariordeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu