'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi' liburua ardatz

Bizkaie! 2024-10-17 13:16   Bertsolaritzea

Pako Aristik egingo dau berba.

Zestoa eta Urepel herriak senidetu ziranean, Mikel Arregi Zestoako alkateak Pako Aristi idazlearengana jo eban, senidetze horren bueltan zeozer iraunkorra sortzeko ideagaz; hortik jaio zan Manuel Olaizola Uztapide eta Fernando Aire Xalbador bertsolariei buruzko liburua egiteko lehen takadea. Pako Aristik erronkeari heldu, ikerketa egin eta Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua ondu dau. Liburuaren sortze prozesuari buruz berba egingo dabe aste honetako Hitzetik Hortzeran, idazleagaz beragaz.

Uztapide eta Xalbador bertsolari oso ezbardin bi izan ziran, baina alkarregaz ondo buztartzen ziranak, plazan zein plazatik kanpo. Bertsoari esker ezagutu eben alkar eta hogeita hamar urteko adiskidantzea izan eben; eta horri buruz egingo dabe berba aste honetako programan. Batutako datu eta historia zatiei forma literarioa emoteko lanaz, bertsolari bien izaerea eta euren bertso ibilbidea be jorratuko dabe.

Urepeleko Zestoa Eguna eta Errexil Sariketako finala

Zestoa eta Urepeleren senidetzea dala eta, Zestoa Eguna ospatu zan Urepelen. Bertan egindako bertso saioko bertsoaldiak ekarriko ditue aste honetako Hitzetik Hortzerara. Aitor Salegi, Amets Arzallus eta Haira Aizpurua ibili ziran bertsotan, Xalbat Alzugarairen esanetara.

Beste alde batetik, Urruñan jokatu zan Errexil Sariketako finaleko bertsoaldiak be izango dira. Eneko Lazkozek irabazi eban eta bertsokide izan zituan Aissa Intxausti, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua, Miren Artetxe eta Ramuntxo Christy. Aritz Bidegainek egin zituan gai-jartzaile lanak.

Hitzetik Hortzera, zapatuan, hilak 19, iluntzeko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu