Ahozko hizkerak edo berbakerak aztergai Mintzola Mintegian

Bizkaie! 2024-10-16 13:09   Euskerea berbagai

Zazpi ikerketa lan eta Arikala ekintza-ikerketearen azken emoitzak aurkeztu ditue.

Euskaltzaindiak mintegia atondu du Akademiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, hain zuzen, Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Jon Sarasua eta Eñaut Agirre dira Mintzola egitasmoko zuzendariak eta Sarasuak egin dau hasierako berbaldia; bertan, mintegiaren helburuak azpimarratu ditu: Mintzola egitasmoak, bere aro barrian, euskerazko eguneroko hizketearen edo berbakerearen galdegaiak jarri ditu erdigunean. Berbakera informalak gure eguneko hizketa-jardunean zati handia hartzen dau eta gai horretan ataka bereziak bizi ditu euskereak. Gai horren inguruko ikerketa-arloak abiarazo ditu Mintzolak: hizkera edo berbakera informala ezaugarritu, beronen problematikak aztertu, berau landu eta hobetzeko metodologiak zehaztu eta hitanoa lako baliabideak aztertzea. Bultzatu beharreko bideetako bat ikerlari gazteei aukerak emotea da, gradu eta masterretako ikerketak sustatuz, eta ikertzaileen harrobia sortuz. Horretarako arlo honetako ikerketak saritzeko deialdia egin genduan joan dan ikasturtean be eta hainbat ikerketa saritu. Gaur, arlo honetan azken urtean egindako edo martxan dagozan ikerketak aurkeztu dira.

Guztira, zazpi ikerketa lan eta Arikala ekintza-ikerketearen azken emoitzak aurkeztu dira. Hona hemen Mintzola deialdietan 2024n saritutako bost ikerketak:

  • Berba funtzional goiztiarrak. Ume euskaldun elebakarren hizkuntzearen jaubekuntzearen azterketea (Garazi Domínguez / Gradu amaierako lana).
  • Euskal hizkeren erritmoa (Maddi Ormazabal / Gradu amaierako lana).
  • Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskerazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntzea. Zailtasunen gainetik onura anitz (Odei Guirado / Master amaierako lana).
  • Nokaren higatzea Ortzaizen (Ana Jaunarena / Master amaierako lana).
  • Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua (Oihana Lujanbio / Ikerketa monografikoa).

Mintzola deialdietan saritutako lanez gan, beste ikerketa interesgarri bat aurkeztu da gaur Tolare baserrian, hain zuzen, Maddi Kintanaren master amaierako lana (Gazteen hizkera BAM eta inguruan).

Azkenik, Ikastolen Alkarteak, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak alkarlanean bideratutako Arikala lagunarteko euskerea sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketearen azken emoitzak aurkeztu ditue Idurre Alonsok eta Xabi Lasak; eta, horrezaz gan, Mintzolak lagunduta Eñaut Agirre jorratzen dabilen Ahozko hizkerearen ezaugarriak ikerlanaren lehen ondorioak plazaratu dira.

Gogoratu behar da Mintzolaren lan-eremua euskerazko ahozko jarduna dala, euskerazko eguneroko hizkerea, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzearen transferentzian eta sustapenean dabil.

Mintzola egitasmoari buruzko informazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu