Udatxo eta Balu artistek egin dabe aurtengo kartela
2024-10-16 12:29 KultureaHartzea ematea da izenburupean.
59. Durangoko Azokearen irudia eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe gaur, hilak 16, Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga Alkarteko eta azokearen guneetako arduradunez gan, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak be egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, BBK Fundazinoa, Eroski, Euskaltel Fundazinoa, Konfekoop eta EITB. Azokea, abenduaren 5etik 8ra izango da.
Durangoko Azokearen sortzaile eta bultzatzaile guztiei eskerrak emonez hasi dau hitzaldia Nerea Mujika Gerediaga Alkarteko presidenteak eta aitamen berezia egin deutso abuztuan itxi gintuan Jon Irazabali, 30 urtez azokearen zuzendari izandakoari: Ondare itzela itxi euskun Jonek, eta aurtengo azokan gogoan izango dogu. Gaur egun Durangoko Azokea indartsu izateagatik pozik agertu da, baina oraindino lanerako beharra dagoala nabarmendu dau Mujikak: Hasierako amesak marrazten joan gara urteotan, irudi koloretsua, anitza, indartsua eta ederra sortuz. Igaz esaten genduan bezela, fantasia hutsa. Halanda be, euskereak oraindik badau lan horren beharra eta Gerediaga Alkartekook bagilean jarraitzeko asmoa dogu.
Durangoko Azokearen koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiaren berbetan, sortzaileen, kulturazaleen eta laguntzaileen indarrak harturik, azoka ederra eskaintzeko ilusinoa daukagu. Hartzea ematea da leloaren inguruan, ondokoa adierazo dau Gaztelurrutiak: kulturea jasotea, gizarteari bueltan emoteko bidea da, euskeraz jasoten dan kulturea, izan be, herri euskaldun batean biziten lagunduko deusku. Ganera, euskal kultureak bizi dauen egoereari erreparauta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa emon deutso: jakin badakigu euskerazko sorkuntzea oso aberatsa dala, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Beraz, hor dago preminea momentu honetan eta horri erantzuteko ahalegina egingo dogu.
Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kulturea eta Kirol dipudaduak, hainbat gairen artean, euskerea eta hizkuntzearen erabilerearen beharra agirian itxi nahi izan ditu. Horrezaz gan, Andoni Iturbek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordeak, azolana azpimarratu nahi izan dau.
Mireia Elkoroiribek be, Durangoko alkateak, berbea hartu dau ekitaldian: Durangoko Azokea, sendo eta indartsu dator barriro be. Guztion alkarlanari esker, kulturearen birika izaten jarraituko dau.
Udatxo eta Balu artisten irudia
Aurtongo azokearen kartela barritzailea da, izan be, egile biren arteko alkarlanetik jaio da, Udatxo eta Balu artisten sormenetik hain zuzen be. Horrezaz gan, sorkuntza prozesu bereziaren emoitzea da: geruza ugariko artelana sortu eta pieza hori kartelean integrau dabe. Bestelako elementuen artean, eskuak agiri dira irudian. Eskulana da geuretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresnea, aitatu dau Udatxok. Bera muralista eta margolaria da; Balu artista multidisziplinarra da, eta deskontestualizazinoaren eta transmutazinoaren teknikak jorratzen ditu. Collage erako lanean, euskal kulturearen erreferentzia diran irudien eta azokako aurreko edizinoetako kartelen zatiak jarri ditue; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan barri bat emoteko. Halanda ze, Durangoko Azokea trasmisino horren erakusle be bada. Geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, kartela forma berezia hartzen egoala konturau ziran sortzaileak, Baluk adierazo dauenez: kasualidadez, igarri genduan kartelaren formea bihotz batena zala, bihotzak be parte-hartzea nahi ebala.
Programazinoa
Durangoko Azokearen atonketa aurrera doa. Sortzaileek egitaraurako proposamenak bialtzeko aukerea izan dabe eta orain guneetako arduradunak egitaraua osotzen dabiz. Landako Guneko erakusketaz gan, nobedadeen aurkezpenak, berbaldiak eta tailerrak egongo dira lau egunez. Abenduaren 5ean 10:30ean edegiko da azokea, eta lehen goiz hori ikasleei begirakoa izango da, guneetan eurentzako tailerrak eskainiz. Halanda be, edozeinentzat edegita egongo dira ateak.
DA! PRO topaketea
Zemendiaren 26an eta 27an DA! PRO topaketea atonduko da, sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko helburuz. Zemendiaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko ditue Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, barriz, musika proposamenen txandea izango da, Plateruena Kultur Aterpean. Kulturgileek urriaren 18ra arteko epea izango dabe topaketan izena emoteko, eta teknikarien txandea zemendiaren 11n etorriko da. Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!