Itziar Ituño: 'Hurrengo diskoan bizkaiko kopla zaharrak erabiliko doguz'

Andoni Mugica Lopez 2024-10-21 08:00   Musikea

Ingot 2017. urtean sortutako musika talde bizkaitarra da. Taldekideak ondoko honeek dira: Itziar Iturño, Rober Figuero, Juanpe Salvador, Joseba Serna, eta Roberto Awanari. Rock doinuak jorratzen ditue.

Ibilbide luzea izan arren, Zeugaz euren diskoa kaleratu barri dabe. Metal, psikodelia eta sinfonismo inkrustazinoak buztartzen ditue bertan, rock klasikoa ardatz izanez. Letra feministak eta ekologistak nabarmentzen dira, beti be, Ituñoren ahotsearen presentziagaz.

 
1.- Zeugaz lehen diskoa kaleratu dozue, zelakoa izan da harrerea?
 
Bai, gure lehenengo diskoa da, Elkar zigilupean. Oso pozik gagoz izan dauen harrereagaz, izan be, disko nahiko umila da. Lan autogestionatua izan da, ez deusku inork lagundu. Dagoeneko, bideoklipak 7 mila ikusle eta webguneak 10.000 bisita jaso ditu... ez da ahuntearen gauerdiko eztula!
 
Euskal Herriko jenteak gure lana balorau dau, beraz, pozik gagoz. Ganera, talde bezela hasibarriak gara, zortzi bat urte daroaguz eta orain serioago helduko deutsagu. Hori bai, oraindino goiz da salmenten inguruan berba egiteko.

2.- 2017. urtean taldea sortu arren, hau izan da zeuen lehen diskoa, zerk eragin deutsue talde bezela lehen diskoa kaleratzera?
 
Gauzatuta nahi genduan ikusi. 15 kantu dira eta jenteak entzuteko aukerea izatea zan helburua, txukundu eta kaleratzea hain zuzen be. Guk sortutakoaren lagin bat nahi genduan euki, erromantiko batzuk gara [barreak].
 
Jakin badakigu, gaur egun cd eta binilo gitxi saltzen dirala, baina fisikoki izateko aukerea garrantzitsua da. Horrezaz gan, Spotify plataforman be bagagoz.
 
3.- Nondik dator Ingot izena?
 
Ingotegaz adierazo nahi genduan ingo genduala. Hortik dator.
 
Egia esan, izena jarri aurretik, Juanpek (gitarristeak), beste talde bat eukan Inbiou izenekoa. Taldea, bertan behera geratu zan eta hasierako haren proposamena izena berreskuratzea izan zan. Baina, gure arteko alkarrizketetan, ez jakun ondo begitandu, izan be, taldekideak beste batzuk gara. Orduan, in behar dot, in biot... eta azkean, Ingot urten jakun eta, in genduan!

4.- Eta bizkaieraz kantetako arrazoia?
 
Batetik, Roberto kenduta, beste guztiak bizkaitarrak gara. Hori bai, Roberto amazoniakoa izan arren, Basaurin bizi da aspalditik. Berak euskera batuan egiten dau berba, baina bizkaikoaren kutsua dauka. Neuk be, bizkaierea kalean ikasi neban, aitaren partez, arbasoen hizkuntzea hori zan eta.
 
Bestetik, bizkaitarrez gauza oso gitxi entzuten da eta arabere gitxiago rock formatuan. Ganera, horreetako bat, Gatibuk, taldea itxi behar dauela esan dau. Horrezaz gan, sonoridade aldetik gustoko dogu, baita euskalkia defendidutea.

5.- Askok komentau dabe Itziar Ituño dala taldearen motorra, zuk, argi eta garbi, ezetz esan dozu. Zein da taldearen egiturea? Zela konpontzen zarie?
 
Jakina. Hau auzolana da, danon artean sortzen ditugu kantuak, arregloak, erabagiak eta ardurak hartu... Badakit, azkenengo urteetan arpegi ezaguna bihurtu nazela, baina amorrua emoten deusku neri bakarrik kasu egiten badeuste. Halanda ze, ez dogu ondo ikusten.
 
Hemen danok gara garrantzitsuak. Danon artean egiten dogu Ingot taldeko musikea. Egia da, ohituta nagoala hedabideetan eta euskeraz berba egiten, ondorioz, neri tokauko jat kasu gehienetan bozeroaile lanak egitea. Ez da nik exijidutako gauzea, ezta talde bat sortzea nire figurearen inguruan be, inondik inora. 
 
Orain arte izan dogun lan formulea ondokoa izan da: Juanpek hainbat medolia zituan prestauta. Poliki-poliki, instrumentuak sartzen hasi ginan eta horren ostean, kantu bakotxaren istorioa pentsau neban, berbak jarriz. Holan atontzen gara. Hori bai, inprobisetea be gustetan jaku.

6.- Hain ezaguna izanda, ateak mundu osoan edegiko deutsuez ezta?
 
Akaso bai. Azken urteotan aktore bezela egin dodazan lanek erreperkusino handia izan dabe. Esangura horretan, posible da abantail pixkat izatea. Hori bai, gero mailea emon behar da, izan be, musikea behar handia da. Nahiz eta arpegi ezaguna izan, musika eskaxa egin ezkero, kontrako irakurketea izan geinkean. Abantaila baino desabantaila bihurtu daiteke.
 
Horren harira, kriteketetako be errezagoa izan daiteke. Ganera, jentea kruelagoa izaten da persona ezagunakaz.

7.- Atzerrian leku askotan egon zarie; Italia, Peru edo Brasil. Orain Euskal Herriko birea egitea toketan da?
 
Bai, pandemia aurretik leku exotiko askotan jo genduan: Brasilen, Liman, Italian... Zemendian, barriz, Frankfurten izango gara. Baliteke, La Casa de Papel seriaren eragina izatea, izan be, jentea neugana hurreratu zan eta musika talde bateko kide nazela konturatzean, Ingot jarraitzen hasi ziran. Holan, hainbat kontzertu emoteko aukerea izan dogu.
 
Halanda be, gure publiko naturala, euskaldunak dirala pentsetan dogu. Ganera, hori da gure helburua, etxean kontzertu gehiago emotea.

8.- Han eta hemen, Rock n' Rolla modan ez dagoala entzuten da. Benetan, holan dala pentsetan dozu?
 
Ez, baina egia da entzuten dirala holako eretxiak. Ez dogu hori pentsau gura, eta, ganera, ez da egun batetik bestera desagertuko, izan be, egunero sortzen dira holako musikea egiten daben taldeak. Egia da, azken urteetan gazteek gehiago entzuten dabela musika latinoa, regettoia, tecnao edo indiea. Gazte askok rocka nagusien musikea dala pentsetan dabe, hori neri esan deustien gauzea da.
 
Ez dakit norantz joango dan panoramea, baina momentuz rockanrolla bizirik dago eta gure herrian, gehiago. Rocka, metala edo punkia oso modan jarraitzen daubela esango neuke.

9.- Zeuen abestiek, euskerea, feminismoa, ekologismoa eta indigenak aldarrikatzen ditue, beti be, Rock n' Roll formatuan. Zein esango zeunke dirala taldearen ezaugarri nagusiak?
 
Estiloetan esango neuke modu pentatonikoan mobiduten garela; rock, rithm and blues, heavy, pskodelia edo ritmo indigenak beste batzuetan. Atarako dogun bigarren diskoan, bizkaiko kopla zaharrak erabiliko doguz.
 
Ez gara pentsamendu zarartuko taldea, beraz, danetik egiten dogu. Hori bai, badakigu zeintzuk diran gure mugak: esaterako, nire ahotsaren mugak. Beraz, ensaioetan ikusten dogu non sentiduten garen eroso. Kontua hori da.
 
Letrei jagokonez, idatzi ostean taldeank konpartiduten dodaz. Horrezaz gan, ohikoak ez diran gaiak jorratzen saiatzen gara, barruko kezkak, gizarteari buruzkoak edo hausnarketak. Adibidez, maitasuna jorratzen ez dogun gaia da.

10.- Horrezaz gan, zuzenekoei jagokenez, Ingot ikusteko aukerea ugari izango dogu ezta?
 
Zuzenekoak! Hori da garrantzitsuena! Duda barik, gehien gustetan jakuna.
 
Poliki-poliki, bagoaz. Zemendiaren 23an Sahararen aldeko kontzertu bat emongo dogu Leioan. 30ean, barriz, Frankfurten izango gara, bertoko sindikatu batek inbitau deusku eta. Kontzertu horreek biak, kolaborazinoak dira, beraz, ez da lana, kontzertu solidarioak baino.
 
Datorren urteari begira, kontzertuak lotzen gagoz. Momentuz, hiru atondu doguz, baina oraindino goiz da esateko.

11.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?
 
Eskerrak emotea 2017tik gure ondoan egon diranei. Asko eta asko euskaldunak ez diranak eta letrak bizkaitarrez ikasi dabenak. Horreei, mila esker bihotzez. Babesa be eskertzen dogu baina arabere gehiago, gure hizkuntzan abestiak ikasteagaitik, itzela eta oso ederra da.
 
Heldu barriei, barriz, proponiduten doguna gustoko badabe, hemen gagozala. Bateren baten goizeko soinu bandearen parte garela pentseteak zoriontsu egiten gaitu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu