Abycine Jaialdian be, euskal zinemea protagonista

Bizkaie! 2024-10-15 13:41   Zinemea

Besteak beste, Los Williams, Marco, Lucía eta Nina ikusteko aukerea izango da.

'Los Williams' (Raul de la Fuente eta Amaia Remirez). | Ikusi handiago | Argazki originala

Abycine, Albaceteko Nazinoarteko Zinemaldia, urriaren 17tik 25era egingo da eta euskal presentzia nabarmena izango da jaialdian, baita industria arloan be.

Abycine Presenta atalean Marco proiektauko dabe, Jon Garaño eta Aitor Arregiren azken filma. Eduard Fernandez eta Nathalie Poza protagonista dituan pelikuleak Enric Marcoren benetako istorioa kontetan dau, inoiz existidu ez zan deportadu bati buruzkoa. Aitatzekoa da Biennale di Venezia entzutetsuaren Orizzonti sailean mundu mailako estreinaldia bizi eta Donostiatik be pasau ondoren, Zinema Akademiak Oscar sarietarako aurrez aukeratutako hiru filmetako bat izan zala.

Gipuzkoako uriburutik Albacetera bidaiatuko dauen beste film bat, Raul de la Fuenteren Los Williams da. Futbola bozgorailu bezela, batez be gazte eta umeakana heltzeko, Raul de la Fuentek eta Amaia Remirezek anai bien ibilbidea kontetan dabe mezu garrantzitsu bat helarazoteko ideagaz: mugak edegi behar dira, beste herrialdeetatik datozen personak hartzeak eta balioesteak geure gizartea aberasten dau eta.

Bestalde, Talentos Lanza atalean Nina filma izango da, Andrea Jaurrietaren azken film luzea. Pelikuleak Malagako 27. Zinemaldian Kritikearen Saria irabazi eban eta Donostiako Zinemaldian parte hartu dau. Holan, estaduko produkzino aitagarrienetakoa da. Filmak 45 urteko emakume baten gorabeherak kontetan ditu.

Abycine Cortos

Film laburren artean be, presentzia nabarmena izango da. Alde batetik, Izibene Oñederrak zuzendutako Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra ikusteko aukerea egongo da. Pelikula horrek Annecyko Zinemaldiko sail ofizialean eta Zabaltegi – Tabakalera atalean parte hartu eban Donostia Zinemaldiaren azken edizinoan. Hondamendi egoeran dagoan komunidade txiki bateko biztanleak dira protagonistak. Ganera, Kimuak Katalogoaren parte da. Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik bultzatutako ekimenak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea dau helburu.

Marta Etura, barriz, Mantxako herrira joango da zuzendari bezela egin dauen lehen obrea aurkeztera, Lucía. Film laburrak irauten dituan 15 minutuetan, Eturak norberaren defensa-mekanismoei buruzko funtsezko hausnarketea egiten dau.

Abycine Lanza sailean be

Film luzeen garapenaren azken fasean dagozan zuzendari eta produkzino barriei tutoretzea eta laguntzinoa eskaintzen deutsen Noka Produkzinoa programearen azken modulua Abycine Lanza Jaialdiaren barruan egingo da. Urriaren 15etik 18ra egingo da Abycine Festival jaialdiaren barruan.

Aukeratutako proiektuek, pitch bat egiteko aukerea izango dabe. Bertan, sektoreko profesional ugariren aurrean, proiektuetan egindako aurrerapen guztiak adierazoko ditue. Nerea Castrok (zuzendaria) eta Gádor Camachok (produkzinoa) CSC Films produkzino-etxearen Canción animal erakutsiko deutsee bertaratutakoei; Joana Moya Blancok (zuzendaria) eta Paloma Hernandezek (produkzinoa), barriz, UMMMren La koreana. Zineuskadik sustatu eta koordinautako ekimena da, Tabakaleraren laguntzinoagaz.

Pitching horreek Impulso CMM Desarrollo atalean kokatzen dira, eta bertan Amaia Merinok, Aitor Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako eta Mirokutanak produzidutako Intxaurrondo be izango da.

Balearic, WIP Lanza topaketan

WIP Abycine Lanza atalak be euskal presentzia izango dau. Ion de Sosa zuzendari donostiarra topaketara joango da, edizino aurreratuan dagoan Balearic film luzea definiduten jarraitzeko eta merkatuan osorik eta modu profesionalean aurkezteko. Apellaniz eta De Sosa, Jaibo Films, Umbracle Cine eta La Fábrica Nocturna Cinéma enpresek produzidutako proiektua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu